Azaroaren 30etik abenduaren 12ra egingo dute Euskararen Astea Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 21a, 13:55
Hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu dituzte Sopelan, azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean, Euskararen Astea ospatzeko, udal iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez. Alde batetik, azaroaren 30ean, Aitxu! Sopelako euskara taldeak eta Munarrikolanda Mendi Taldeak Mendiondo errotara "berbatxangoa" antolatu dute; 9:30ean jarriko dira abian Urdulizko txozna parketik, eta ordubeteko ibilbide erraza burutu ostean, errota ikusiko dute. Bisita bukatu ondoren, Larrabasterrara itzuliko dira 13:30ean. Bertan, umeek taloak egiten ikasteko aukera izango dute, eta bitartean gazteek eta helduek horiek janez gozatuko dute. Euskararen Astearen inguruko ekintzak direla eta, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, Txirene antzerki taldeak "Ogiyik karri etzuen semia" komedia antzeztuko du, 19:00etatik aurrera, udaletxeko sarreran. Argazkian, aurten ere iksukizuna eskainiko dute Betizuek Sopelan.
Bestalde, Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ere zenbait ekintza antolatu ditu egun horren inguruan. Horrela, Sopelako ikastetxeetan tailerrak eta txotxongilo ikuskizuna izango dira txikienentzat, bertsolaritza eta txalaparta tailerrak nagusiago direnentzat eta, nerabeek, euskaraz ligatzeko tekniketan sakontzeko parada izango dute diapositiba emanaldi baten bitartez. Halaber, gazteei zuzendutako ipuin kontaketaz gozatzeko modua izango dute. Gainera, Sopelako Udalaren programazioarekin jarraituz, abenduaren 4an, ostegunarekin, Jon Arretxe idazleak Burkina Fasora egindako bidaiari buruzko hitzaldia emango du udaletxeko sarreran, 19:00etan. Abenduaren 6an, berriz, "Betizu eta Oilarraren Kukurrukua" ikuskizuna izango da Udal Pilotalekuan 18:00etatik aurrera.

Ipuin kontaketa

Halaber, abenduaren 9an, ipuin kontaketan trebatzeko helduei zuzendutako "Ipuinak. Gozamenerako tresna" bi orduko tailerra eskainiko du Antton Irusta ipuin kontalariak, udaletxean bertan, 18:00etan hasita. Saioaren jarraipen gisa, abenduaren 12an umeei zuzendutako ipuin-kontaketa saio bat eskainiko du Irustak, "Olentzero eta oparien ordua" film berriaren kontaketan oinarritua. Ikuskizun udaletxeko sarreran izango da, 18:00etatik aurrera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun