Elkar Sarea aurkeztuko dute arratsaldean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 21a, 18:13
Elkarsareak eta Mugarik Gabeko Albaitariek, Bizkaiko EHNEk eta Ekologistak Martxan taldeak osaturiko “Etzazu mundua jan” partzuergoak, egunotan Euskal Herrian zehar egingo dituzten ekintzen berri eman dute, gaur goizean, Bilboko Zazpi Kaleetako Burtsa Zaharrean emandako prentsaurrekoan. Izan ere, astelehenera arte (azaroak 24), Eric Holt-Gimenez, Oakland-California (AEB) “Food first” elikadura eta garapen politika institutuko zuzendari exekutiboa gurean izango dela aprobetxatu nahi dute aipatu eragileek, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko elkartrukea eta lankidetza bultzatzea helburu duen sarea (Elkar Sarea) aurkezteko. Besteak beste, gaur bertan, 19:00etan, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean egingo dute hitzaldia eta bideo emanaldia; Bizkaian egingo duten ekitaldi bakarra, Holt-Gimenez bera bertan izango dela. Horretaz gain, hilaren 28ra bitartean, “Comercio Justo es…” lelopeko erakusketa egongo da ikusgai bertan.
Azken bolada honetan "krisiak modan" dauden arren, sortarazten dituen efektu latzengatik alegia, "larriena" elikaduraren krisialdi globala dela ohartarazi dute Mugarik Gabeko Albaitariak, Bizkaiko EHNE eta Ekologistak Martxan eragileetako kideek. "Txiro eta gose direnentzat dirua biltzeko, zenbait adituk gose diren pertsonen kopuruari buruz komunikabidetan hitzegiten; 'Mira quien baila' bezalako galak; mundu mailan elikaduraren aldeko egunen ospakizunak (urriak 16)... guzti horretara ohitu gara. Baina horretara ohitzea ez da zilegi, ezin dugu ahaztu munduan 900 milioi pertsona baino gehiagok jasaten dutela gosea. Pertsona hauek ez dira zenbaki soil bat, aurpegi eta izen abizenak dituzte, urriaren 16an ezer gutxi ospatu zutenak", azaldu dutenez.

Gaur Bilbon izan den prentsa aurrekoan, goian aipaturiko erakundeetako kideak, hurrengo egunetan eta Euskal Herriko hainbat lekutan izango diren ekintzak aurkeztu dituzte. "Jendeak elikadura krisialdi honen zergatiak hobeto uler ditzala" da ekimenaren helburua. Izan ere, "kasu askotan, Hegoaldeko herri txirotuek dauzkaten arazoen arrazoiak gugandik urrun daudela eta gure esku dagoen bakarra noizbehinkako donatiboak egitea dela ematen du", aipatu dutenez. Baina hori ez da horrela: "ezberdintasunen benetako arrazoiak ezagutuz alternatibak plantea daitezke", euren ustez. "Herri txirotuek pairatzen dituzten ezberdintasun eta justizia eza askoren arrazoiak hemen bertan dauzkagu, Iparraldeko herrietan", salatu dutenez. Nekazaritza eta elikaduraren ikuspuntutik, indarrean dagoen kontsumismo eta merkatuan oinarritzen den eredu ekonomikoak, "milaka pertsonen txirotasun egoera larritzeaz gain, gure inguruko baserri eta arrantzale txiki askoren desagerpena" dakarrela diote eragileek.

Kate itxia

Azaldu dutenez, "saltoki handietan erosten dugun haragiaren jatorria abeltzaintza industrialean dago eta ustiategi intentsiboetan erabiltzen diren pentsuen osagai garrantzitsua soia da. Abeltzaintza ustiategi handietan biltzeko joera handitu denez, gero eta soia gehiago inportatzen da Hego Amerikatik. Soia monolandaketek erlazio zuzena dute Paraguayko landa inguruetan ematen diren bortizkeriekin, Amazoniako deforestazioarekin, nekazal komunitate eta herri indigenen desplazamenduekin, kimikoekin egiten diren fumigazio lanekin..., eta lehen aipaturiko abeltzaintzak duen biltzeko eta industrializatzeko joerak, Europan hiru minuturo ustiategi txiki edo ertain baten desagerpena suposatzen du. Beraz nire gaurko zerrak badu zerikusia honetan". Elikagaien krisialdiaren arrazoiak aztertzeaz gain, alternatibak proposatuko dituzte: elikadura subiranotasuna, alegia.

Ekitaldiak

Azaroaren 21tik 24ra, Eric Holt-Gimenez, Oakland-California (EEUU) “Food first” elikadura eta garapen politika institutuko zuzendari ejekutiboak, Hego Euskal Herrian izango da krisialdi honi buruzko gakoak, nekazal erregaiak, merkataritza askea eta beste hainbat kontu azaltzeko. Hitzaldiak Mugarik Gabeko Albaitariek ekoitzitako “Quiero ser tortilla” animazio laburmetraiarekin osatuko dute,. Horretan gaur egun herri askok bizi duten gosete egoerarekin, nekazal ekoizpenak janari izan beharrean, automobilen erregai izateak suposa ditzaken arazoak nabarmentzen dira, "nekazal erregaiek dakartzaten ingurumenerako ustezko abantailak argi ez daudela kontutan izanik".

Era berean, eredu "agroindustrialari" aurre egiteko proposamen bezala, Elkar Sarea aurkeztuko dute, elikadura subiranotasunerako elkartasun kontsumo sarea. Horrek ekoizle, elikagai transformatzaile eta izaera soziala duten kontsumo taldeek osaturiko taldea da. Gaur hasi eta astelehenean (hilak 24) bukatu, egunez egun, Algortan (Bizkaia), Antsoainen (Nafarroa), Ainhizen (Ipar Euskal Herria) eta Gasteizen (Araba) eta Hernanin (Gipuzkoa) izango dira saioak. Azken biak egun berean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun