Astelehenean "Koska berriari" ekingo dio eskualdeko irrati libreak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 21a, 18:34

Azken asteotan izandako zenbait arazo tekniko konpondu ostean, astelehen honetan, azaroak 24, "bete-betean" eta "Uribe Kosta osorako" hasiko da emititzen Koska Irratia. Zortzi urte bete dituen eskualdeko irrati librearen kideek ohartu dutenez, "piztu irratia: 108an elkar ikusi, entzun eta sentituko dugu!". Izan ere, komunikazio egitasmoak udan aurreratu zuen orain arteko egitura iraultzeko asmoa zuela eta Koska berria bazetorrela. Filosofian, ordea, betikoari eutsi diote: "Koska Irratia Uribe Kostako bizilagunak informatzea helburu duen komunikabide aske eta euskalduna baino askoz gehiago da. Herritarron ahotsa izaten saiatu gara beti; ahotsik gabekoen ahotsa". Planteamendu berrian, indar gehiago, elkarlan gehiago, eta "gure komunikazio egitasmoa sendotzea eta hobetzea helburu duten berrikuntzak" jarri dituzte martxan Koskakoek. Programazio berrian dagoeneko dozena bat irratsaio daude, tartean Koska irratiaren eta UKBERRI.NET-en arteko elkarlanari esker egingo diren bi albistegiak.

Koska irratiaren oharra:

Badator Koska berria!

Badator; badator Koska Irrati berritua. Zortzi urte baino gehiago daramagu komunikazio egitasmo honen alde estudio barruan zein kanpoan lan egiten; kalean, eskoletan, herriko jaietan, tabernetan… Koska Irratia Uribe Kostako bizilagunak informatzea helburu duen komunikabide aske eta euskalduna baino askoz gehiago da. Herritarron ahotsa izaten saiatu gara beti; ahotsik gabekoen ahotsa.

Denbora luzez isilik egon eta gero, indar gehiagorekin dator Koska Irratiaren oihua. Berrikuntzaz beterik dator 2008-2009 denboraldia; gure komunikazio egitasmoa sendotzea eta hobetzea helburu duten berrikuntzak. Alde batetik, UK Berri magazina entzungai izango duzue astelehenetik barikura eguerdiko 12:00etatik 13:30etara. Honetan, Uribe Kostako herriek eta herritarrek sortzen dituzten albisteen gaineko informazioaz gain, kolaboratzaileen ekarpenak aurkituko dituzue. Kirola, autoestima, hirigintza, osasuna zinema… oso gai ezberdinak landuko dituzte eskualdeko kolaboratzaileek. Honez gain, goizeko informazioa osatzeko asmoz eta egunean zehar gertatutakoen berri emateko, UKBERRI.NET agerkari digitaleko lagunek ekoitzitako albistegi berezia entzun ahal izango duzue arratsaldeko 20:30etan.

Baina, Uribe Kostako berriak gure programazioaren ardatza izango badira ere, ez da hori izango Koska Irratiak eskainiko dizuen guztia. Izan ere, orain arte entzungai egon diren Resumen Latinoamericano, Munduko Sustraiak, Gazte Uhinak eta Asesino el Rock & Roll saioekin jarraitzeaz gain, gai eta ahots berriak aurkituko dituzue aurtengoan. Historia, musika eta Euskal Herriak pairatzen duen errepresioa izango dira landuko diren gaietako batzuk, beste askoren artean. Horrez gain, Arrosa irrati saretik hartutako irratsaioak zein Info 7 irratiko albistegiak eta Kale Gorrian magazina entzun agal izango dituzue.

Honekin batera, www.koskairratia.com web guneari aurpegia garbitu diogu bai diseinuari zein edukiei dagokionez. Bertan aurkituko dituzue Koska Irratitik ekoizten ditugun audio eta bideoak zein eguneroko martxan sortzen diren albisteak. Gainera, irratsaio bakoitzak bere txokoa izango du bertan; irratiaren ezinbesteko osagaia izango da web gunea.

Hemen daukazue Koska Irrati berritua, denon bultzadarekin aurrera aterako den komunikazio egitasmo herritar eta euskalduna. Piztu irratia: 108an elkar ikusi, entzun eta sentituko dugu!

Programazioa

Koska Irratiko irratsaioak

Asesino el Rock & Roll
Garaje, psikodelia, punka eta bertoko eta kanpoko rock’n'rolla. Elkarrizketak eta akustikoak.
Larunbatero, 15:00etatik 17:00etara.

Errepresioaren aurkako irratsaioa (izena zehazteke)
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irratsaioa.
Astearte gauetan (ordua zehazteke).

Finean Nafarrak
Historia irratsaioa.
Eguna eta ordua zehazteke.

Gazte Uhinak
Getxoko Txorimalo Gaztetxeko kideak uhinak iraultzera datozkigu. Gazteek pairatzen dituzten problematika ezberdinen inguruko berriak eta elkarrizketak entzungai.
Eguna eta ordua zehazteke.

Irauli Uhinak
Gaztesareak ekoiztutako irratsaio honek ahalik eta ahots gehien biltzen saiatuko da ordubeteko magazinean. Gazte informazioa izango dute ardatz, baina sexuaren inguruko zalantzek ere izango dute tokia, sortzaile gazteekin batera.
Astelehenero, 19:00etatik 20:00etara.

Munduko Sustraiak
Munduan zehar bidaia musikala, datu historikoak, elkarrizketak eta abar.
Ostegunetan, 21:00etatik 22:00etara.

Pastadun Betaurrekoak
Musika eta kulturari buruzko irratsaioa.
Urtarriletik aurrera, astelehenetan 21:00etatik 22:00etara.

Resumen Latinoamericano
Internazionalismoa, berriak, elkarrizketak eta gure Amerikan entzuten den musika. Asteazkenero (ordua zehazteke).

Ukberri albistegia
Koska irratia eta ukberri.net-en arteko elkarlanari esker, eguneko azken berritasunak, agenda eta hurrengo egunetan albisteak izango direnak emango dituzte.
Astelehenetik ostiralera, 20:30etatik 21:00etara.

Ukberri magazina
Uribe Kostak behar duen magazina: Uribe Kostari buruzko albisteak, osasuna, kirola, zinea, psikologia, agenda, deontologia…
Astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 13:30etara.

Arrosa Sareko irratsaioak

Info7 albistegia
Astelehenetik ostiralera, albistegi laburrak orduro eta albistegi nagusiak 13:30etan eta 20:00etan.

Kale Gorrian
Info7 irratiaren magazina.
Astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 9:30etara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun