EHUko Ikasle Kontseilua: "Bizkarra ematen diguten artean, guk, gurea bozkatuz bizkarra emango diegu"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 21a, 20:49

Hauteskunde garaian aurkitzen gara, bi hautagaiek haien kanpainak abiatu dituzte, bakoitzak bere promesak eginez. Baina ez dugu ahaztu behar nondik gatozen. Hauteskunde hauek maiatzean burutu ziren hauteskunde batzuen segida baino ez dira. Bertan errektore hautagai bakarra aurkeztu zen, eta ez zuen jaso behar zuen gehiengoa. Garai horretan ere, Ikasle Kontseilutik kanpaina bat abiatu genuen aurkezten zen hautagaiari ikasleok proposamen desberdinak mahai gaineratzeko. Jaso genituen eskakizun guztiek errektoregaiak Ikasle Adierazpena gauzatzea eskatzen zuten. Ez genuen haren partetik erantzunik jaso, baina egoerak horrela eskatzen zuela ikusita asanblada batean adierazpen horretara atxikitzeko hautua egin genuen. Hauteskundeetan ikasleen %3a joan zen bozkatzera, eta komunitate unibertsitario guztia larritu egin zen hain parte hartze baxuarekin. Baina ikasle horiek argi utzi nahi izan zutena ez zen haien axolagabekeria. Ikasle horiek erakutsi zuten, ez zutela unibertsitate honek eskaintzen duen sisteman sinesten. Ez dutela legitimatu nahi ikasleon hitza hutsaren hurrengoa bezala tratatzen duen unibertsitatea. Haien parte hartzeak eskuak garbitzeko bakarrik balio duela ozen oihukatu zuten.

Orain, beste hauteskunde kanpaina batean murgilduak aurkitzen gara, eta zurrunbilo guzti horretan, Ikasle Kontseiluak, errektore hautagaiak gonbidatu ditu harekin bildu eta proposamen desberdinak eztabaidatzeko. Bertara, berriro ere Ikasle Adierazpena eraman genuen. Errektore hautagaiei testua aurkeztu genien, eta honen aurrean postura bat hartzeko eskatu genien. Honetaz gain beste hainbat kontutaz hitz egin genuen, baina ez gara balorazioetan sartuko, ez baitugu ez bataren edo bestearen planteamenduen inguruan balorazioak egiten sartu nahi. Hori norberari dagokio. Jaso ditugun erantzunak ez dira izan testuan espezifikatzen genuenaren inguruan. Hau da, Bologna prozesua paralizatzea, eta eztabaida pate hartzaile eta erabakitzaile bat bultzatzea nahi dugun unibertsitate ereduaren inguruan. Horren aurrean, ez batak ez besteak ez du ezer esan, beraz, guk ezezko bat bezala ulertzen dugu. Ikasleon parte hartzea derrigorrezkoa dela baloratzen dute bai batak, bai besteak, baina parte hartze hori, Bologna prozesua gure unibertsitatean nola aplikatu behar dugun eztabaidatzen den lan taldeetan bultzatu nahi dute. Guk ez genuen hori eskatzen, beraz, Ikasle Adierazpenari ezezkoa eman diotela ulertzen dugu.

Honen aurrean, gogorarazi nahi diegu ikasle guztiei abenduaren 4ean ikasle instituzioetarako hauteskundeak izango direla. Hemen derrigorrezkoa ikusten dugu ikasleek haien parte hartzea bultzatzea. Bertan, erakutsi beharko dugu ikasleok unibertsitate honen nolakotasunean zer esana badugula eta parte hartu nahi dugula. Errektoretza hauteskundeetan ez da gure hitza errespetatzen, ez du ezertarako balio esan dezakegunak. Nola uler daiteke, komunitate unibertsitarioaren gehiengoa dena, ikaslegoa, haien bozka guztiek emaitza finalaren %20a balio izatea, eta irakasle katedratikoena, 4000 inguru direnean %51a izatea? Guk egiten ditugun proposamen desberdinen inguruan hartzen duten jarrera ikusita, bizkarra eman, eta beste alde batera begiratzea, guk berdina egingo dugu haien hauteskundeetan. Gure gauzei erreparatuko diegu, eta hauek, Ikasle hauteskundeak dira. Bertan erakutsiko diegu, parte hartu nahi dugula, arduratsuak garela, eta gure eskubidea dela unibertsitate honen norantzaz iritzia ematea, eta gainera iritzi hori errespetatua izatea. Ez garelako ikasle sumisoak, aurre egingo diegu ikasle hauteskundeetan bozkatuz. Aurkezten diren ikasleentzako planteamendu desberdinak legitimatuko ditugu. Guk, gurea bozkatuz ikasleon hitza ozen entzunaraziko dugu.

EHUko Ikasle Kontseilua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun