Ikasle Abertzaleek larunbat honetan, azaroak 22, ospatuko dute
Ikasle Eguna, Erandion. Urtero antolatzen du aldarrikapen eta festarako egun handia IAk, baina aurten bikoitza izango da ospakizuna: 20 urte bete ditu aurten euskal ikasleen antolakundeak. Besteak beste, euskal ikasleen topaketak; erraldoi, buruhandi eta trikitilariak; puzgarriak eta jolasak; pailazoak; musika maratoia; bazkaria eta bertso-postrea; elektrotxaranga; manifestazioa eta ekitaldia... izango dira larunbat guztian zehar. Karpa handiko kontzertuetarako (Anger, Piperrak, Obrint Pas, Soziedad Alkoholika, eta Amaiur), berriz, 22 euro ordaindu beharko dituzte aldez aurretik txartela hartu ez dutenek. Argazkian, larunbatean bertan joko duten musikariekin batera egin zuten prentsaurrekoa, azaroaren 8an, Bilboko Kalderapeko kultur gunean, IAko kideak.