Bi algortar izango dira igandeko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 21a, 22:41

Igande honetan, azaroak 23, egingo dute aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Bertso saioa Gernikako Jai Alai pilotalekuan izango da, 17:30etik aurrera. Bertan, Uribe Kosta eskualdeko ordezkari bi izango dira, algortarrak biak: Fredi Paya eta Jone Uria; Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Oihana Bartra eta Amaia Uriberekin lehiatu beharko dira. Seguruenez, biak ala biak saioa irabaztera joango dira, finalerako zuzeneko pasea lortzeko, puntuen arabera sailkatzea gatzago izango delako. Gernikako finalaurrekorako sarrerak 10 eurotan egongo dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 7 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta gaztetxoek 5 euro. Argazkian, Jone Uria Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketako finalean, Areetan.

Binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; eta binaka gaia emanda hiruna bertso hamarreko txikian abestu beharko dituzte bertsolariek. Eta kartzelako lanean, bakarka, hasierako puntua emanda bina bertso zortziko txikian; eta bakarka, gaia emanda hiruna bertso doinu eta neurri librean. Gauzak horrela, saioko irabazleak ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako pasea. Gainontzekoak, puntuen arabera izango dute abenduaren 20ko finalera pasatzeko aukera.

Hona hemen etzi lehiatuko diren bertsolarien fitxa:

Fredi Paya

1981an jaiotako algortarra. Euskal Herriko txapelketako finalerdietan kantatu du azken bi edizioetan eta Bizkaiko finalista izan da azken lauetan. "Berria" egunkariko zutabegilea da eta azken urteak Uribe Kostako herri ondarea batzen eman ditu Labayru ikastegian.

Jone Uria

1990an jaiotako algortarra. Bizkaiko Eskolartekoetan txapeldun izandakoa txikietan zein nagusietan. Aurtengo Ipar Uribeko txapeldunordea da eta lehenengoz parte hartu du Bizkaiko Txapelketan.

Ibon Ajuria

Gernikarra. 1977ko abuztuaren 14an jaio zen. Ingeles eta aleman filologoa da eta irakaslea ofizioz. 2006ko Bizkaiko Txapelketako finalista.

Iratxe Ibarra

1974ko abenduan jaio zen Markinan. Euskal filologiako ikasketak ditu eta hiru bider hartu du parte Txapelketa Nagusian. Bizkaiko Txapelketako azkenengo sei finaletan kantatu du.

Amaia Uribe

1985ean jaio zen Forun. Kazetaria lanbidez. Besteak beste, "Hitzetik Hortzera" ETB1eko saioko aurkezle berria da. Hirugarrenez parte hartu du Busturialdeko Bertsolari Txapelketan.

Oihana Bartra

Bilbotarra eta Itzubaltzetako Bertsolari Eskolako irakasle ohia. 1984an jaioa. Euskal filologian lizentziatua da eta irakasle moduan dabil beharrean. Bizkaiko Eskolarteko txapelketan txapeldun izan da hiru urtetan (1999, 2000 eta 2001). 2004ean Osinalde saria eta Bilboaldeko txapelketa irabazi zituen. 2005ean Abra sariketa. Azken hiru urteetako Bilboaldeko txapelduna ere bada. 2002ko, 2004ko eta 2006ko Bizkaiko bertsolari txapelketetan finalaurrekoetan kantatu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun