Billate eta Goldarazek azaldu dutenez, euskal kultura edota kultur herrikoia sustatzeko asmoa duten taldeak bigarren mailakoak ei dira Leioako Udalarentzat eta azpiegitura eta dirulaguntza urriak dituzte, "Udalak publizitateari begirako kultura" eskaintzen duen bitartean, "herritarrak ikusle soil" bihurtzen duena.
Bloga, e-posta eta agenda
Horregatik, hasieratik talde bakoitzak duen azpiegitura, giza baliabideak, ezagupenak, komunikazio sarea eta "borondatean oinarritutako lana" eskaintzen dizkie Kultura Topaguneko beste kideei, "nork kartelak egin, nor txistulari ibili, eta horrela". Gainera, elkarlana talde ezberdinen artean datak ez zapaltzea errazten du, nahiz eta oraindik Udalarekin arazo hori oraindik daukaten. Gainera, kexu agertu dira tokiko erakundetik bultzaturiko "kanpoko kultura ereduagatik". Horren aurrean eredu partehartzailea, euskal kultura eta leioaztarren sorkuntza bultzatzen eta defendatzen saiatuko direneko agindua eman dute.
Lan horretan, baina, gorako aldapak aurkituko dituzte maiz, "diru eta baliabide handiegirik ez baitugu, baina aberasteko asmorik ere ez dugu, kultura zabaltzeko nahia baino ez". Herrian zehar zabalduko dituzten ekintzak bitakoran, herriko tabernetan banatuko dituzten agenda eta kulturatopagunea@gmail.com posta elektronikoaren bidez ezagutaraziko dituzte. "Dirua edukiko bagenu gustatuko litzaiguke aldizkari bat ateratzea, talde bakoitzaren zereginekin, historia eta horrelakoak, baina momentuz urri gabiltza".