Gernikan Fredik entzuleak bereganatu arren Ibarrak irabazi du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 24a, 15:01

Publikoa eta kazetariak ezustean harrapatu zituen atzo Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian Bizkaiko Bertsolari Txapelketako epaileek hartutako erabakiak. Bedeinkatutako arbolaren hirian, Cannes edo Berlingo zinemaldian bezala, oso norabide ezberdinak izan zituzten kritikaren eta publikoaren sariak. Epaileentzat, 540 puntu emanez, Iratxe Ibarra izan zen lehenengo finalaurrekoaren irabazle. Markinarrak oso saio ona burutu arren, frontoian egon zirenen gehiengoarentzat, ordea, 524,5 puntu jaso zituen Fredi Paya izan zen nagusi. Berak erakutsitako bat-batekotasuna, gaien lanketa, berreskuratutako lexikoa eta publikoa erne jarri eta bereganatzeko ahalmena hamarreko txikiko ofizioan egindako potoa baino gehiago baloratu zuten entzuleek. Frontoiaren goiko aldetik ere, "geurea da garaipena" aldarrikatu zuen ALBEren pankartak. Paya oso pozik agertu zen oholtzan egindako "saio itzelarekin", baina are pozago, hunkituta, txikitatik bere ikaslea den Jone Uriak erakutsitako mailagatik: "ereindakoa loratzen / zoriontsua da Fredi".

Ibarra zuzenean sailkatu da, eta litekeena da puntuengatik Fredi ere bere bosgarren finalera heltzea, baina Itzubaltzeta / Romoko finalaurrekoraino itxaron beharko du jakiteko. Ibarra eta Payaren atzean Ibon Ajuria (508 puntu), Jone Uria (504), Oihana Bartra (500) eta Amaia Uribe (426) gelditu ziren Gernikan.

Epaileen lanaren gaineko eztabaidak alde batera utzita, 750 bertsozalek bertso sorta on batzuk eta baleko beste asko entzun ahal izan zituzten. "Hitzetik Hortzera"ko aurkezlea den Amaia Uribe foruarra izan ezik bertsolari guztiek eman zuten ikuskizun ona.

Paya eta Ibarra buruz buru

Fredi eta Iratxe Ibarra norgehiagoka aritu zirenean, hamarreko txikiko ofizioan, mutu gelditu zen frontoia. Zaleek adi-adi jarraitu zuten urteetan bikotea izanda orain banatzea erabaki baina etxe berean jarraitu behar dutenen elkarrizketa. Payak ofentsibara jo zuen eta metafora polit batekin laburbildu zuen bikotearen apurketa: "goizetako naranja / zuku amaitu da". Ibarrak buelta eman zion tortillari: "bizimodua ezin / eroan hain lasai / banandu ta hobeto / alkarregaz alai. / Sekula ez gara izan / gu alkarren etsai. / Zukua amaitu da / joan daitela por ahi / gabeko pelikula / pornoak ere bai". Hor atsekabea nabaritu zitzaion Payari: "horixe bai izan da / kolpea itzela", aurretik Fredik Rocco Sifredirengan duen miresmen eta zaletasuna aldarrikatuta baitzuen. Alfredo Eusebiok, dena den, jarraitu zuen berean: "baina prekabidua / lehendik nazela / eta erosi egin dot / behar zen bezala / ohe aurrean dekot / pantaila itzela". Hain zuzen ere, bertso sorta horretan joan zitzaion potoa, azken agurrean onartuko zuenez.

Baina potoa alde batera utzita, Iratxe Ibarrak bikotekide ohiari mugak jartzen aritu zen: "Beraz egingo dozuz / koartoan zirriak / zeure buruagaz, ai, / momentu larriak. / Baina niri dinosta / nire egarriak / zuk be dauzkazula / hor zoragarriak / hona ez eizuz ekarri / amante barriak".

Eta Fredik, amante berriak ez, baina jadanik oholtzan agertutako pertsonajeak bueltan ekarri zituen: "Amante barrietan / nabil ni oparo, / ta ikusiko dozuz etxean luzaro / (...) / Foruko kubanita / iristear dago", aurretik Amaia Uribek Iratxerekin abestutako ofizioan egindako rolari erreferentzia eginez. Ibarrak, baina, bai Fredi eta bai Amaiarekin kontuak zuritzeko erabili zuen bere azken erantzuna: "Kubatar horrek dauka / itxura santua: / ez da izango nitzat / madarikatua. / Gozau daizula, Fredi, / bere enkantua. / Neuk be aprobetxatu / nahi dot ta momentua: / biontzat ein daiala / goizeko zukua".

Mezako gaupaseroak eta ama kezkatua

Saioan zehar hainbat bertso umoretsu entzun bazen ere, Ibon Ajuriak eta Fredi Payak abestutako zortziko txikiko ofizioan barre algarak sortu ziren bata bestearen atzean. Izan ere, gaiak horretarako ematen zuen, gaupasaren ostean 12etako mezan sartu eta azken ilaran jarri diren bi parranderoen ahotik: "Gaupasa bat eginda / biok parez pare. / Jesukristo, abade, / lora ta aldare. / Gure auzoko zaharrak / kantuan hain grabe. / Guzti hau sinisteko / zer droga hartu dabe?" abestu zuen Payatarrak. Ajuriak "abadea ta kaliz / hain bedeinkatua / kalimotxoa da gure / trago sakratua" erantzun zion.

Oihana Bartrarekin zortziko nagusian izandako lanean ere ondo aritu zen Paya. Santutxuarra luzaro preso egon ostean, kartzelatik irtetean hor zeukan Fredi bere ama, zain. Horrela agurtu zuen Oihanak: "atzera beituz sentidu neike / nik makina bat bertigo, / zeren kartzelan hamahiru urte / pasetan dira astiro. / Ama, ez eizu egin negarrik / eta animoak igo: / familia bat bateratua / izango gara barriro!". Elkarrizketan zehar Fredik hainbat keinu egin zien senideak barruan dituztenei eta Alcala-Meco kartzela, Mirentxinen furgoneten bidaiak edo "atzean utzi dituzun danak / nire seme-alabak dira" bezalako aipu eta bertsoekin dar-dar jarri zituen entzuleak. "Baina, amatxu, orain Santutxun / jente itxaroten dabil / apurka, apurka goazen harantza... / berba egingo dugu trankil", Oihanak elkarrizketa ixteko botatako bertsoak bidea eman zioten Frediri Euskal Herriko ama kezkatu guztiei omenaldi txikia egin eta Jai Alai zutik jartzeko: "manifetara ez zaite joan / arren, ibil zaite lasai. / Horren luzaro galdu ta gero / ez zaitut barriz galdu nahi!".

Euskadi, Euskal Herria eta OPDR Cadiz

Puntutan ere ondo ibili zen Payatarra. "Izena jarriozu / selekzioari" jarritako puntuari horrela erantzun zuen: "erabagi ezinak / hainbeste min dagi. / Batzuk Euskal Herria, / besteek, Euskadi. / Batasuna litzake / guztion opari". "Politikan gainetik / ei dago kirola" bigarren puntuari ere ondo heldu zion: "baina kirola al da / gaur egun futbola? / Miloi pilo horiei / begira nagola, / sarritan irakiten / dau nire odola".

Dena den, azken agurra salbu, bertsorik pertsonalenak kartzelako gaiari helduz bota zituen Fredik. Somaliako uretan pretoliontzi batean dagoen eta piratek inguratu duten marinelaren rola balio zitzaion bere aita itsas-gizonaren lekuan jartzeko eta horrela egin zuen lehenengo unetik, OPDR Cadiz aitaren itsasontziaren gainean. "Gura dozuen guztia hartu / baina gure bizitzak ez!" bukatu zuen lehenengo bertsoa, gaia bigarrenean somaliarrekiko elkarrizketa gisa josteko: "ikusten nozu europar gisa / ni naiz marinel lodia / ta zeuk eskutan, pirata jauna, / zeure fusil hain goria / niri begira dozu ondiño / fusil puntaren hodia. / Itsastxori bat ta albatrosa, / heriotzaren txoria. / Ezin liteke hemen amaitu / marinelon historia... / Geure etxera zeurera legez / iritsi behar da ogia!". Eta amaiera epikoa eman zion gaiari: "amabirjinaren domina hartu / egizu kapitaina hala / ta hilko banintz etxean esan / asko maite dodazala!".

Azken agurrean ere, guztiei zer esan izan zuen algortarrak: "Fredik guztia itzela eiten dau, / potoa itzela bedi, / zuek gozatzen ikusi eta dana / egiten dot zilegi. / Besarkada bat Lander ta Aner, / Manex eta Berizeri, / kartzeletako lagunei / eta ama eta, noski, aitari / baina gaur bueltan bihozkada bat / bota nahi diot Joneri". Izan ere, aurretik Jone Uriak "zugatik ez balitz hemen / ez nintzen egongo, Fredi" bertsoa dedikatu zion gaztetxoak.

Uria, sexu kontuetan

Baina, jakina, Fredi Paya zigarroa pizten bakarra izan bazen ere, Jai Alain beste bertsolariek ere abestu egin zuten. Jone Uria beste algortarraren kasuan, bertso sorta barregarri batzuk bota zituen oholtzatik aurrera. Ibon Ajuriaren alaba izatea tokatu zitzaion, bihar ezkonduko den arren Jone ezezagun batekin ohean aurkitu zuen Ajuriak zortziko nagusiko ofizioan: "pazientzia handia daukat / baina orain jo dot langa. / Bistakoa ba, egin zendula / atzo gauean parranda. / Mutil bategaz ohean zagoz / ondiño erdi edanda. / Zu asentatu behar ziñala / espejismoa izan da". "Amak aholku bat eman zidan / (...) / aprobetxatu behar nuela / ezkondu aurreko gauan" erantzun zion orduan Jonek, baina ez zen nahikoa aita senargaia dela eta lasaitzeko: "Amari kaso egin ezkero / zagoz zu era kaskarrean / zure ametsa bota ahal dozu / orain gaba bakarrean / (...) / zer aurpegi jarri behar dugu / bere familiaren aurrean?". Erasoan bukatu zuen Uriak bere erantzuna: "baina Mikeli ez ezan ezer / (...) / zu ere pozik bizi izan zara / amarena jakin gabe".

Iratxe Ibarrarekin ere txukun moldatu zen Uria. Dantza ikastaro batean elkar ezagututa, Jone Iratxek gero eta estuago heltzen zuela nabaritu zuen. Jota ikastaroa zela nabarmendu zuen Jonek hasieran, "baina hurbiltzen zabiltz / ordutik ta ordu / gaur tango bat dantzatzen / bukatuko dugu" amaitzeko. Ibarrak, berriz, mutilaren plantak egiten neska txikitxu eta "koketari" azaldu zionez, "babesteko gogoa / ematen deust eta".

Markinarra eta Foruko kubatarra

Aurretik esan bezala, atzokoa ez zen egun ona Amaia Uriberentzat eta bere azken agurra horrela azaldu zuen "Hitzetik Hortzera"ko aurkezlea, ironikoki: "nerbiosa ipini naz / kamara ikustean. / Eske, ez nau ohituta / halako trantzean. / Ez naz hain txarto ibili / denbora luzean. / Athletic zapaturo / dabilen antzean, / ridikuloa eginda, / gainera etxean". Baina hori esan eta Fredik "Foruko kubanita" amorante berria iristear zegoela iragarri baino lehen, baleko lana egin zuen Uribek, Ibarraren luzimendurako. Horrela, Iratxek ama zaintzeko lagun baten bila jarritako iragarkiari erantzunez Amaia etorri da. Iratxek sukaldean probatu zuen eta Uribek bere kubartasuna azaldu zion. Borobil erantzun zion orduan Iratxek: "Kubatik zatoz, Kubatik zatoz, / argi utzi duzu beraz / han lanik ez ta hurbildu zara / zu intenziño onagaz. / Kontuz ibili nire amagaz, / zeozertako da kapaz / esan eiozu: 'morena nago / baina Gernikakoa naz!'".

Oihana Bartraren azken agurra

Bilboaldeko txapelduna eta Itzubaltzetako bertso eskolako irakasle ohiak bere mailari eutsi zion eta punta-puntako saioa egin ez bazuen arren, han-hemenka ibili zen denari punta ateratzen. Dena den, bere bertsorik sakonena azken agurrekoa izan zen:

Niretzat oso urte gogorra
ta latza izan da aurten:
Barakakoak atxilotuta,
gero Ana ta Maialen
eta ondoren, hau gitxi balitz,
Gotzon eroan euskuen
ta asko etxetik kanpo zeren
hor dagoz dana ematen.
Falta botaten zaituet danak,
holako egunetan gehien.
Hemendik urrun zauzie baina
danak zagozie hemen.

Orain arteko sailkapena:

• Iratxe Ibarra: 540 puntu. Zuzenean sailkatua.
• Fredi Paya: 524,5.
• Ibon Ajuria: 508.
• Jone Uria: 504.
• Oihane Bartra: 500.
• Amaia Uribe: 426.

Argibide, bideo, argazki eta audio gehiagorako jo zuzen www.botasarean.biz webgunera
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun