Uholdeen Batzorde Bereziak aste honetan egin behar zuen batzarra abenduaren hasierara arte berandutzea eskatu dio Getxoko Udalari Uraren Euskal Agentziak (URA). Tokiko iturrien arabera, "arrazoia da denbora nahikoa izan nahi dutela lekuan bertan datuak egiaztatzeko, batzordeak agentziari Gobela ibairako proposatu dizkion premiazko neurrien eraginkortasunari buruzko analisi teknikoa bukatzeko". Zentzu horretan, Imanol Landa alkateak aipatu du, URAren eskaera "kontu teknikoengatik" dela: "Gobela ibairako proposatu diren premiazko neurrien benetako eraginkortasuna aztertzeko, eta neurri erantsiak edo osagarriak aztertzeko (egonez gero), finean, ibaian denok itxaroten ari garen premiazko jarduerak seriotasunez egiteko”, udal agintariaren hitzetan. Landak, azkenik, esan du batzordearen bilera abenduaren hasierarako deituko zela. Berri horrek, ordea, ez die lasaitasunik emango gaur ere zeruari begira esnatu diren Algortako Zubilleta eta Fadura inguruetako bizilagunei, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak Uholdeetarako Larrialdi Plana indarrean jarri duela jakinda, izaten ari diren eurite eta haizeteengatik. Argazkian, azaroaren 3an bertoko auzotarrek helarazitako irudia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!