Kristian Brink Quartet taldearen diskoa kaleratu berri du Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 24a, 17:31

Laukote suediarrak 32. jazzaldiaren lehiaketan suertatu zen irabazle. Errabal diskoetxeak argitaratutako disko honek sei kanta biltzen ditu, taldeak jaialdian eskaini zituen bi saioetan grabatuak. Diskoa salgai dago denda espezializatuetan eta www.hotsak.com webgunean. Kristian Brink Quartetek estilo eta eragin musikal anitzeko jazza interpretatzen du eta berdin-berdin jotzen dituzte melodia ederreko baladak zein erritmo indartsu, azkar eta biziak. Laukoteak soinu liluragarria dauka, ildo argikoa, erritmo eta pultsu musikal ugari eta interesgarrikoa, eta bertako kideek maisutasunez jotzen dituzte konposizio guztiak. Taldea Estokolmoko Royal College of Music eskolaren baitan sortu zen, horietako ikasleak baitziren taldekideak. Ordutik hona, jarduera interesgarria garatu du taldeak eta iaz lehenengo saria eskuratu zuen talde gazteentzako Young Nordic Jazz lehiaketa ospetsuan. Gaur bertan gozatu ahal izango dute zaleek laukote suediarraren musikaz Bilbaina Jazz Cluben, 22:30etik aurrera. Gainera, dagoeneko zabalik dago 2009ko jazzaldiko talde lehiaketan izena emateko epea. Argazkian, Kristian Brink Quartet.

Urtez urte, Getxoko Jazzaldiaren Lehiaketak jarduera profesional labur eta biziko taldeak hartzen ditu, aurtengo irabazleak erakutsi zuen bezala. Horren erakusle ezin hobea da Kristian Brink-ek (saxo tenorra), Erik Lindeborg-ek (pianoa), Tobias Grenholm-ek (kontrabaxua) eta Paul Svanverg-ek (bateria) osatutako taldea. Laukotearen musikak argi eta garbi azaltzen du azken urteotan Europa Iparraldeko jazz taldeek Getxoko lehiaketan lortu duten arrakasta. Eman zuten kontzertuan sendotasun eta freskotasun handia erakutsi zuten. Bai folklore eragineko melodia poetikoak, bai baladak, erritmo sutsuko konposizioak baztertu gabe. Talde eskandinaviarrak biziki interpretatzen du jazza. Bere musikak Kristian Brinkek sentsibilitate propioaz jotzen duen saxoa du ardatz nagusi.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun