Sopelako Helduen Hezkuntzako Zentroak (HHZ) kultur etxeko hirugarren pisuan duen egoitza berriko ateak ireki zituen hilaren hasieran. Aurretik Enrique Urrutikoetxea kalean zegoen eta, bertatik egoitza berrira eramatea "lan handia" izan bada ere, gelak ikastaro berriari ekiteko prest daude. Orotara sei ikasgela ditu, horietako bat informatikakoa eta beste bat irakasleentzat. Zentroko irakasle Amaia Garagorrik azaldu duenez, "egia da batzutan txiki gelditzen dela, ikasleen kopuru handia baitugu, baina momentuz ongi konpontzen ari gara". Irekitze ekitaldiak 100 pertsona inguru bildu zituen, ikasle, irakasle eta gonbidatuak batuta. Ekitaldian, olerki bat irakurri zuen ikasle batek, eta beste bat (82 urtekoak) zentroan izandako bere esperientziaz mintzatu zen. Bestalde, egoitza berriaren eraldaketa islatzen zuten irudi desberdinak erakutsi ziren, lanak hasi aurretik eta bukaerako emaitzara arte.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!