Leihoetan afitxa lila jartzera deituz Nazioarteko Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako egunarekin bat egingo du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 24a, 19:55

Eudel Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako toki erakundeen elkarteko dozenaka udalerriek, tartean Erandio eta Uribe Kostako guztiak, egin bezala, Getxoko Udalak getxoztarrak deitu ditu bihar, azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean parte hartzera. Ekintza gisa, Udalak bidalitako kartel bat leihoetan ipintzea eskatu dute, emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontrako jarrera agertzeko. Berdinsarea Eudeleko batzordearen bidez eramango da aurrera ekimen hori, Getxoko Udaletik "aitzindaritzat" jo dutena. Guztira, Euskal Autonomi Erkidegoko 71 udalerritan batera eramango da. Afitxan puntu more batekin batera honako lelo hau irakur daiteke espainolez eta euskaraz: “Emakumeenganako Indarkeriari Ez”. Argazkian, Areetako Xake plazan iaz egindako elkarretaratzea / Urtzi Altube - Ilanda.eu.

Kartelaren sinboloaren bidez, gizarteak sexu-indarkeriaren aurkako jarrera bateratua adieraztea lortu nahi dutela adierazi dute udal agintariek, indarkeriari aurre egiteko jarrera eremu pribatutik espazio publikora ateratzearekin batera. Imanol Landa, Getxoko alkateak ekintzan parte hartzera animatu ditu getxoztarrak “borroka honetan gizarte osoak eduki behar duen konpromisoa agerian uzteko eta udalerri osoa puntu morez betetzea lortzeko”.

Ekintza, Berdinsarea osatzen duten udalerriekin batera, Getxo udalerrian ere “Nik emakumeenganako indarkeriari ez, eta zuk? Lelopean aurrera eramaten ari den kanpainaren barruan kokatzen da. Imanol Landaren iritziz, “ezinbestekoa da emakume batzuek jasaten duten indarkeriari amaiera emateko gizonok gure konpromisoa eta parte hartze aktiboa agertzea, emakumezkoen arazoa ez baita, gizarte osoarena baizik”.

Ekimen gehiago

Era berean, eta Getxoko Udalak aipatutako Agiri Instituzionalean hartutako konpromisoa betez, bihar udaletxean irudi eta lelo berbera dituen pankarta jarriko dute.

Biharko aurreikusita dauden gainontzeko ekitaldien artean, Getxoko emakume taldeek elkarretaratzea antolatu dute Bizkaiko zubiko plazan 19:30ean. Ordu laurden lehenago trapezio erakustaldia izango da Alzukillas taldearen eskutik.

Azkenik, azaroaren 27an, Iñigo Iturratek, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako zuzendariak “Rolak birdefinitzea: maskulinitatea, gizonak eta indarkeria” hitzaldia eskainiko du Itzubaltzeta / Romoko Nagusien Etxean, Lope de Vega kaleko 12 zenbakian, 19:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun