Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) uholdeak izateko arriskua gutxitzen ari da, baina atzo abiatutako Larrialdi Plana mantendu egingo du Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak. Bestalde, Neguko Bidezaintza Planak martxan jarraitzen du eta gaur arratsaldean 400 metrotan elurra egingo duela aurreikusten da. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ibai guztiak daude ohikoa baino emari handiagoaz, "baina batek ere ez du alerta maila gainditzen", euren hitzetan. Gainera, urtegiak gehienezko edukiera mugan daude baina egungo egoera ez dute "kezkagarritzat" jotzen.
Euskalmeten aurreikuspenen arabera, datozen orduetan euriteak atzo izandakoak baino askoz urriagoak izango dira. Hala ere, gaur goizean izandako bileraren ondotik, ibaietatik gertu bizi direnei erne egotea, ibilgailuak ibilguen inguruetan ez aparkatzea eta lonjak eta garajeak uzteko prest egotea aholkatu die. Argazkian, azaroaren 3an Algortako Zubilleta auzoko bizilagunek helarazitako irudia.