Gazteria Udal Kontseilua eratzea eskatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 25a, 17:10

Gazteria Udal Kontseilua sor dadin ostiral honetan eztabaidatuko den mozioa aurkeztu du gaur Getxoko PPk. Testuaren batera, gazte kontseiluaren funtzionamendua eta osaketa arautuko lituzkeen agiria ere aurkeztu dute popularrek. Marisa Arrue bozeramaileak horrela arrazoitu du eskaera hori: "Udal honentzat gazteria lehentasunetariko bat izan beharko litzateke, etorkizuna beren eskutan baitago eta horregatik gure jarrera positiboa eta bultzatzailea behar da izan beti egin daitekeelako gehiago haiengatik". Popularrentzat, baina, ez da hori une honetan Getxo udalerrian gertatzen dena: "Udal webgunean, Gazteria Arloan sartzen bagara, 2008ko apirilaren 16tik ez dela berritu ikusiko dugu. Orain dela zazpi hilabete baino gehiago, alegia. Denbora horretan guztiorretan ez al da ezer egin? Zalantzarik gabe, gazteek merezi duten arreta jartzen ari ez deneko erakuslerik onena dugu hori". Argazkian, Marisa Arrue Itzubaltzeta gaztetxearen aurrean, 2007ko martxoaren 5ean emandako prentsaurrekoan.

Arruek esandakoaren arabera, Alderdi Popularrak "gazteen aldeko apustua egin nahi" du: "zuzenean haiek beraiek beren kezkak zein beharren berri eman eta politika zehatz eta egokiak era eraginkorrean sortzen parte har dezaten nahi dugu". Bide horretan, Gazteria Arloak udalerriko hainbat gazte elkarterekin dituen bilerak "nahikoa ez" direla iritzi dio PPk, izan ere, hainbat gabezi hartu du kontuan Arruek: "gazteek lokalak eskatzen dituzte, haientzako gizarte azpiegiturak falta dira, udalerrian Bilbao Gaua bezalako programa bat bera ere ez dugu...".

Gazteekiko filosofia berria

Horregatik, filosofia aldatu beharra mahai-gaineratu dute behin eta berriro gaztetxeak husteko eskatu duen alderdiak: "gazteriaren beharrizanei erantzuten jakin behar dugu, udalerriek beren eskaerak eta kezkak zabal ditzaten bitartekoa izan behar gara". Era berean, "gazte elkartegintza sustatu, enplegu, hezkuntza eta etxebizitzarako politika aktiboak bultzatu eta gazteria politikei lotutako udal kudeaketa" ondo kontrolatzeari ekingo ei dio PPk.

Laburbilduz, Arruek bi helburu zehaztu dizkio egindako proposamenari. Alde batetik, "Gobernu taldeak oposizioko alderdiak ere entzun ditzan, zalantzarik gabe ekarpen positiboak egin ditzakegulako". Beste aldetik, "gazteria politika kudeatzeko ardura duten foroek parte hartze handiagoa izan dezaten ahalbidetzea, baliagarriak diren solaskide guztiei ahotsa emanez".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun