Azaroaren 11n "borrokaldi mugagabeari" ekin zioten Aranjuezko (Madril, Espainia) espetxean diren 17 euskal preso politikoak, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
jakinarazi duenez. Izan ere, horien artean dago Lander Labajo gazte algortarra. "Presoen bizi baldintza duinen alde borrokan" ari dira, presoek idatzi batean aipatu dutenez. Eta espetxe zuzendaritzak kasurik ez badie egiten borrokaldia gogortuko dutela adierazi dute. Honakoak eskatzen dituzte: aurrez aurrekoak asteburuetan egin ahal izatea, bisitetarako lagunen zerrendekin arazorik ez izatea, bikotekidearekin komunikatzeko eskubidea, heldutako kide berriei hil horretako aurrez aurrekoak bermatzea, nahi bezain beste gutun idazteko eskubidea, ziegatan bakarrik egoteko eskubidea eta ikasketak egin ahal izateko oztoporik ez izatea. Argazkian, Lander Labajo artxiboko irudi batean.