Euskararen Eguneko ekitaldiak igandean abiatuko ditu Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 25a, 18:08

“Leioa zabaldu euskarari” lelopean, Leioako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Kultur Leioak hainbat ekintza antolatu dituzte aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Egun hori urtero legez abenduaren 3a bada ere, Leioako Udalak igande honetan, azaroak 30, ekingo die ospakizun ekintzei, datorren aste osoan zehar jarraipena emateko. Igande goizean, 12etatik arratsaldeko 2etara, Kalekantuka ospatuko da. Ekintza horretan parte hartzera animatzen direnak tabernaz taberna arituko dira euskarazko kantak abestuz. Horretarako, kantu guztien letrak biltzen dituen liburuxka jasotzeko, aurretik izena eman behar izango da 946 072 576 telefonoan. Ibilbidea honakoa izango da; Eleizalde taberna (Eleizalde etorbidean), Xcaret taberna (Ikea Barri plazan), Paddy O´Brian (Sabino Arana 78 zenbakian), Zazpi (Sabino Arana 67 zenbakian) eta Euskal Etxeen plazan kokaturik dagoen Arkupen amaitu. Argazkian, ekainaren 15ean Erandioko kaleetan egindako Kantagunea.

Bestetik, abenduaren 2 eta 3an, Euskarazko produktuen erakusketa interaktiboa antolatuko da Kultur Leioako auditoriumeko anbiguan. Bertan, lau gune desberdin izango dira, jolas eta jostailuak, informatika, irakurketa eta musika zein filmen erakustokia. Horrela, udal iturriek azpimarratu dutenez, "gurasoek aukera ezin hobea izango dute euskarazko produktu hauek eskuratzeko".

Horretaz gain, abenduaren 3an, euskal dantzez gozatzeko aukera izango da Errekalde Plazan –euria eginez gero Txomin Arestiko pilotalekuan–. Umeentzat zein helduentzat zuzendutako ekimena arratsaldeko 19:00etan hasi eta 21:00ak arte hurbiltzen diren guztiei egongo da zabalik. Bai dantzatzen dakitenek bertan aritzeko eta baita ez dakitenek ikasteko. Ondoren, mokadua izango da.

Gainera, abenduak 5, arratsaldeko 20:00etan, Kultur Leioan, suspentsez eta umorez beteriko antzerki obra izango da ikusgai 6 euroren truke, "Hor zaude?" lana. Abenduaren 6an eta 7an, larunbata eta igandean, zine gehiago izango da, 17:30ean "Basoko ispiritua" umeentzako filma emango dute. 20:00etan, berriz, "Berri ona" helduentzako luzemetraia proiektatuko dute.

Egitarau hau guztiau prestatzeko ikastetxeen laguntza "ezinbestekoa" izan dela onartu du Euskara Zerbitzuak. Zehazki, bost ikastetxek bost ekintza desberdin prestatu dituzte abenduaren 1etik 5era garatzeko 17.00etatik 19.00etara. San Bartolome eskolan eskupilota, Lamiakon futbola, Txomin Arestin saskibaloia, Altzagan herri kirolak eta Artatza-Pinueta eskolan patinajea. Honenbestez, kirol guztietan parte hartzen dutenek kamiseta bat lortzeko aukera izango dute. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza ere eskertu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun