Izan ere, Erandioko Emakumeen Elkartekoek gogora ekarri dutenez, 78 emakume erail dituzte aurten Espainiako Estatuan –Euskal Herrian lau izan dira– emakumeenganako bortxakeria kasuetan. Eta erailketa gertatu eta 48 ordutan egin dituzten elkarretaratzeak oroitu ditu, baita behin baino gehiagotan entzun duten "baina honekin zer lortuko duzue baina?" ohiko esaldia erantzun ere. Mina agertu, konponbide bat eskatu, hildakoa omendu eta erailketa salatzea izan dira helburu gisa agertutakoak. "Ezin gara ohitu" eta "ezin gara egonean egon" azaldu diete adi zeuden emakumeei baina, batez ere, politikari eta gizonezkoei.
Batzuen pasibotasuna eta bestearen erasoa
Eta argi utzi dute elkarretaratzea egitea garrantzitsua bada, bertan hartzen dutenen kopurua ere balioa duela. "Ez da gauza bera 10 zein 50 lagun biltzea", esan dute, "eta manifestua idatzi dutenak" eta "azaroaren 25aren harira hemen parte hartzen dutenak" ere ongi etorriak izango liratekeela esan dute, orain arteko parte hartze eza nabarmenduz. "Gizonezkoak ere batzea ondo" legokeela adierazi dute modu berean.
Esandakoak esanda, manifestazioan abiatu dira metro geltokiaren plazara eta bertan agure baten probokazioak eta zirikadurak izan dituzte entzungai minutu batzuez. "Nire emaztea gaur eroriko da!" bezalakoekin atera da herritarra "Eraso sexistarik ez!" leloari begira. Bide luzea gelditzen denaren seinale.
Azaroaren 25erako, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako nazioarteko Eguna, Erandioko Udalak onartutako adierazpen instituzionala
Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna dela-eta, Erandioko Udalak indarkeria matxistaren ondorio beldurgarrien kontra lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi du.
Arlo honetan burutzen diren jarduerak emakumeen babes eta autonomia bermatzera bideratu behar dira, indarkeria mota horren biktima nagusiak haiek baitira. Hala ere, emakumeenganako indarkeria ez da soilik emakumeen arazo bezala ulertu behar; emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazgarri argiena bezala baizik; eta desberdintasun hori gizonen kultura patriarkal baten ondoriozkoa da, indarkeria mota hori baimendu eta onartzen duena, hainbat modu eta arlotan.
Beraz, beharrezkoa da, alde batetik, arau horiek aldatu eta emakume eta gizonen arteko Berdintasunera bideratzea, eta bestetik, gizonak estrategia horietan ere kontuan hartzea, emakumeekin batera indarkeria mota horren adierazpen guztien aurka borrokatzeko konpromisoa har dezaten.
Horregatik, Udal honek konpromisoa hartzen du bere eskumenen atalean eta indarreko legea aplikatuz udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren kontra; beste batzuen artean, indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko tokiko protokoloa.
Aurten dei berezia egin nahi diegu Udalerriko gizonei, indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa hartu dezaten eta jokabide eta pentsamolde matxistak zalantzan jar ditzaten, gaur egun oraindik ere gure gizartean nahiko errotuta baitaude.
Bestalde, herritarrei gonbidapena egin nahi diegu, batez ere gizonezkoei, azaroaren 25ean, hau da, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean egingo diren jardueretan parte hartzeko.
Erandioko Udala