Euskal Herriko neska gazte feministen sarearen barruan, Erandion 30 pertsona, gazte zein heldu, bildu gara iluntzean "Azaroak 25. Jeiki eta erantzun! Emakumeok autodefentsa" lelopean burutu dugun kontzentrazioan. Izan ere, gaur, azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Erandioko Emakume Gazteen Asanbladak mobilizatzera deitu du. Egun, emakumeok sistema patriarkal baten pean bizitzera kondenatu gaituzte eta emakumeonganako indarkeria horren ondorio garbia da. Horrela, oraindik bukatu ez den urte honetan 5 emakume izan dira erailak Euskal Herrian, bat desagerturik dago eta hainbat izan dira bortxatuak eta jazartuak. Horren aurrean, instituzioek daukaten jarrera salatu nahi dugu, izan ere, kanpaina mediatikoekin euren aurpegiak zuritzen saiatzen baitira, baina ez baitute jarrera irmorik azaltzen, arazoaren erroetara bideratuko den politikarik aurrera eramateko. Emakumeak nazkatuta gaude hau guztia jasan behar izateaz eta antolatzeko eta egoera iraultzeko prest gaude. Erasoen aurrean emakumeok autodefentsa! Ekin borrokari! Gora emakumeon borroka! Argazkia: EEGA.