Ostiralean, dagoeneko finkatuta dagoen beste hitzordu bat izango da: III. Euskara Showa, kultur arteko karaokea, Algortako Kasinoan. Entseguak urrian hasi ziren eta 11 abesti prestatzen dabiltza 50etik gora lagun, tartean,filipinarrak, bolibiarrak, berton jaiotakoak… Ekitaldia 21:00etan hasiko da. Abenduaren 2an eta 3an literatura tailerra izango da Julen Gabiriaren eskutik, Aldai kulturgunean, Algortako Karitate kaleko 1. zenbakian, 21:00etan. Hilaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dela eta, euskaltegietako ikasleek euren trikikantu gosaria eta kantu kafea izango dute The Piper´s tabernan, 10:00etan eta 17:30ean, hurrenez hurren. Abenduaren 4ean, "UK" aldizkariaren 10. urteurrena dela eta, errepasotxoa egingo diote bere historiari Algortako Kasinoan, 20:00etan.
Gala eta bertso saioa
Aurtengo berritasuna, Izarren Distira Gala, datorren abenduaren 5ean izango da Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, gazteek beren abilidadeak erakuts ditzaten. Horretarako 20tik gora gaztek eman dute izena eta orain azaroaren 28an casting-ean parte hartuko dute. Hortik aterako dira abenduaren 5eko galara igaroko direnak. Ekitaldi horretan gainera, jardunaldien barruan ere antolatutako SMS eta bideo lehiaketaren sariak banatuko dira. Guzti hori 19:30ean hasiko da eta aldez aurretik eskatu beharko dira gonbidapenak.
Abenduaren 7an, igandean, 17:30ean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoa izango da, aurten Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan jarriko duten karpapean. Parte hartuko duten bertsolariak Xabi Paya, Etxahun Lekue, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Eñaut Intxaurraga eta Gorka Ostolaza izango dira. “Ikusmin handia espero da, alde batetik azkena izango delako eta orduan jakingo delako nortzuk pasako diren finalera. Eta bestetik, aurreko edizioko txapeldunak, Xabi Paya algortarra abesten entzuteko aukera izango delako”, adierazi du Koldo Iturbek.
Eta jardunaldietako azken eguna, abenduaren 8a, txikienei egongo da zuzenduta: Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoek “Bihurrikeriak” ikuskizuna eskainiko baitute, 12:30ean eta 17:30ean, Santa Eugenia plazako karpapean. Sarrerak 3,5 eurotan egongo dira.
Hainbat elkarterekin elkarlanean
Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak urte batzuk daramatza datorren abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan jardunaldiak antolatzen. Eta oraingoan ere, Getxoko Udalak udalerriko hainbat kultur elkarterekin batera eramango ditu aurrera, tartean, Bizarra Lepoan eta Egizu Getxo Euskaldun! euskara taldeak, Algortako Bertsolari Eskola (ALBE) edo "UK" aldizkaria daudela. Ohi bezala, “helburua euskararen erabilera eta euskal kultura sustatzea eta zabaltzea izango da eta ekitaldiak antolatzerakoan gustu eta adin guztiei zuzenduta egotea eduki dugu kontuan eta baita udalerriko auzo desberdinetan egitea ere”, dio Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. Euskal Kulturaren X. Jardunaldiak amaitzen direnean, “joan den urrian Iparra Galdu Gabe Jardunaldiekin martxan jarri genuen zikloari amaiera ipiniko diogu, mota guztietako eta adin guztientzako egitaraua borobilduz, ordutik urtea bukatu bitartean 30 bat ekitaldi euskaraz izango baitira guztira”, gaineratu duenez.