"Salbuespen egoera" salatu dute Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 27a, 19:01

Presoen Aldeko Taldeek (PAT) hilabeteko azken asteazkenean EHUn deitu ohi dituzten mobilizazioekin bat eginez, "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera" salatu zuten atzokoan Gasteiz, Ibaeta eta Erandio eta Leioako (40 lagun) campusetan; baita San Mames (10 pertsona), Casilla (10) eta Enekuriko (20) fakultateetan. Hain zuzen ere, egoera horren adierazletzat jarri zituzten, azaroan zehar Frantziako eta Espainiako poliziek egindako hamarnaka euskal herritarren atxiloketak, "beti ere oihartzun mediatiko handia bilatuz". Guztira, "azken 40 urteotan 35.000 euskal herritar atxilotu" dituztela eta euskal preso politikoen egoera ere "jasangaitza" dela gogoratuz, "neurri errepresibo hauek guztiak alferrikakoak" direla adierazi zuen PATek. Argazkian, atzo Leioako campusean egindako elkarretaratzea.

"Urte hauetan guztietan argi gelditu da herri honek gatazka politiko bat bizi duela, eta gatazka politiko hori ez dela errepresioaren bidez konpontzen, herri honen eskubide demokratikoen aitortzaren bidez baizik", azaldu zuten Presoen Aldeko Taldeek. Hartara, herri honek bizi duen gatazka konponduko badu, "autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideen aitortza bermatzen dituen Marko Demokratikorako Proposamenaren gauzatzetik" etorriko dela zehaztu zuten.

Presoen Aldeko Taldeen oharra:

Azaroko Azken Asteazkenarekin bat eginez, Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera salatzeko mobilizazioak burutu dira gaurkoan Euskal Herriko kanpus eta fakultate desberdinetan.

Azaroko Azken Asteazkenarekin bat eginez eta Presoen Aldeko Taldeek (PAT) deituta, Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera salatzeko mobilizazioak burutu dira Leioa (40 pertsona), Gasteiz eta Ibaetako kanpusetan eta Bilboko Enekuri (20), San Mames (10) eta La Casillako (10) fakultateetan.

Azaroan zehar, hamarnaka euskal herritar atxilotu dituzte frantziar zein espainiar poliziek, beti ere oihartzun mediatiko handia bilatuz. Modu honetako atxiloketa mediatikoak ezagutu izan ditugu aurrez ere. Espainiar eta frantziar agintarien harrokeria triunfalista ikusi dugu aurrez ere.

2007ko urtarrilaren 19an, espainiar Auzitegi Gorenak Segi gazte erakundea terroristatzat jo zuen gazteria independentistaren aurkako gurutzadari bide emanez. Geroztik buruturiko 10 operazioetan, 87 gazte atxilotuak, 40 gazte torturatuak eta 62 gazte espetxeratuak izan dira.

Guztira, azken 40 urteotan 35.000 euskal herritar atxilotu dituzte espainiar eta frantziar poliziek Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren harira.

Euskal preso politikoen egoera ere jasangaitza da, kalean behar luketen preso gaixoen egoera latza zein kondena beteta duten presoen espetxeraldien luzatzea horren adibide nabarmenetakoak ditugularik. Euskal preso politikoei apaindutako heriotza zigorra ezarri zaie.

Baina atxiloketa eta neurri errepresibo hauek guztiak alferrikakoak dira bilatzen dituzten helburuen baitan, errepresioa antzua baita. Urte hauetan guztietan argi gelditu da herri honek gatazka politiko bat bizi duela, eta gatazka politiko hori ez dela errepresioaren bidez konpontzen, herri honen eskubide demokratikoen aitortzaren bidez baizik.

Espetxeak euskal herritarrez betetzen ari dira, herritarrak komisarietan torturatzen ari dira eta alderdi politiko eta herri mugimenduak legez kanpo jartzen ari dira. Eta zer lortu dute guzti honekin? Zenbat urtez luzatu nahi dute hainbeste sufrimendu eragiten duen gatazka hau?

Herri honek, bizi duen gatazka konponduko badu, autodeterminazio eta lurraldetasun eskubideen aitortza bermatzen dituen Marko Demokratikorako Proposamenaren gauzatzetik etorriko da, gatazka politikoari konponbide demokratikoa emango dion eskenatokia ahalbidetzen duena.

Aski da! Salbuespen egoerari stop!
Utzi bakean Euskal Herria!
Euskal Herriak Askatasuna!

Presoen Aldeko Taldeak (PAT)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun