Leioako Zuzenbideko ikasleen oharra:
Hizkuntza, hezkuntza eta inposaketa
Azken hilabeteotan euskararen zein hezkuntza politikaren inguruko gaia pil-pilean dagoen bitartean (Euskara askatasunez, Manifiesto por la defensa del castellano?, Plataforma por la libertad de eleccion lingüistica?) euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuak izaten jarraitzen dute. Aski ezagunak dira Nafarroan zein Iparraldean egun indarrean dauden hizkuntza politikak (euskararen ofizialtasun eza, euskaraz ikasteko eskubidea urratua?) baina zein da EAEn indarrean dagoen ofizialtasuna?
EHUko Leioako campusean Zuzenbidea ikasten dugun 331 taldeko kideak gara. Gure ikasketak euskaraz egiteko hautua egin genuen duela 3 urte, Euskal-Herrian euskaraz ikasteko eskubidea gure eginez. Hasieratik zailtasunak topatu genituen: unibertsitateko administrazioaren aurrean burutu beharreko izapideetan "Euskaraz bai?" galderari, "en castellano por favor" erantzuna izan da ohikoena. Ikasketak burutzeko material gehiena gazteleraz landu behar izan dugu (antza denez, ekonomikoki ez da bideragarria testu liburuak euskaratzea) zenbait irakasleek egindako itzulpen urriak salbuetsiz. Honetaz gain, hautazko irakasgaien eskaintza askoz ere zabalagoa da gaztelaniaz euskaraz baino. Aurten, 3. ikasturtea burutzen gauden honetan, onartezina den egoerara heldu gara.
Hilabete bat daramagu gure ikasketetan enborreko irakasgaia den Zigor Zuzenbidea II (atal berezia) euskaraz ikasi ezinik irakasle titularra bajan dagoelako. Honen aurrean gure fakultateko dekanotzak eskaini digun irtenbide bakarra irakasgaia gaztelaniaz jasotzea izan da, nahiz eta guk jakin badakigun beste irtenbide batzuk posibleak direla. Erabaki hau hartzeko adierazi diguten argudioa honakoa izan da: lan poltsan zeuden irakasleek ez zituztela guri klaseak emateko behar adinako gaitasunak betetzen. Hala ere, ezohiko egoera honi ezohiko irtenbide bat bilatu behar zaiola deritzogu, eta beharrezkoa izatekotan beste lan poltsa bat irekitzea.
Aurreikuspen falta honek, argi eta garbi euskararekiko EHUk eta zehazki Zuzenbide Fakultateak duen begirune eta errespetu falta adierazten du. Zuzenbideko 3. mailako euskarako ikasleok Zigor Zuzenbidea II irakasgaia euskaraz ikasteko eskubidea errespetatzea eskatzen dugu, irailean ordainduriko matrikulan zehazten zen bezala. Argi utzi nahi diogu dekanotzari ez dugula gaztelerako klaseen inposaketa onartuko.
Leioako Zuzenbide Fakultateko 331. taldea