Une hartantxe bizilagun batzuk protestaka aurre egiten saiatu ziren, baina beste batzuek erasotzaileen indar ikaragarria ikusita zuhaitz onaren gerizpean paratuz euren etxeko ateak zabaldu zizkieten. Bizilagun matxinatuak, gizon, emakume zein ume, bultzaka eta kolpeka atera zituzten herriko plazara, behiak hiltegira eraman balituzte legez.
Plazan gizon txiki bibotedun bat nabarmendu zen guztien buru, eta bertan halabeharrez bildutako bizilagunei zuzendu zitzaien: “hemendik aurrera zuen etxeak, aziendak eta ondasun guztiak gureak izango dira, eta zuek gure zerbitzurako lan egingo duzue. Horrez gain, zuen hizkuntza atzeratu hori debekatu egingo dugu, eta gure hizkuntza txit garbian baino ez duzue hitz egingo”.
Haien jarrera oldarkorra eta basatia ikusita, bizilagunek burua makurtu eta jabe berriei men egin zieten.
Denborak aurrera egin zuen, eta gazte gutxi batzuek, euren herria, hizkuntza eta kultura kolokan zeudela ikusirik, mendira jo zuten burujabetza berreskuratzeko borroka abiatuko zutela hitz emanaz. Baina gizatxarrak ez ziren lo egon, eta mendiko leku ezkutuetara joan ziren gazte horien bila, bai eta haietako batzuk harrapatu ere. Gazte koitaduak euren txakurtegietara eraman, eta egundoko jipoiak eta torturak pairarazten zizkieten, batzuk kolpeka hilik ere bai. Gizatxarren zerbitzuko txapelokerrak ez ziren makalak lan horretan, uneoro herrixkako bizilagunen artean beldurra eta ezinegona zabaltzeko zeregina baitzuten, bai eta jabe berriek ekimen horretarako askatasun osoa eman ere.
Hainbat urte pasatu ziren familiek eta bizilagunek elkarren arteko harremanak askatasunez burutu ezin zituztela, eta denbora aurrera joan ahala auzokide askok ez zuten elkar ezagutzen eta batzuek iparra galdua zuten erabat, euren hizkuntza eta kultura galdua, zein herritakoak ziren ere ezagutzen ez zutela. Bitartean gizon txiki biboteduna hil, eta beste batek ordezkatu zion boterean, oraingo hau garai samarra eta halako mintzo lelotu antzerakoa zeukana. Itxuraz gauzak samurtzeko bidean jarri ziren eta herri hark berriz ere bere herri izaera berreskuratuko zuela zioten. Baina usteak erdi ustel, jabe berri haiek lehengo jabe zaharren kumeak baitziren, euren hitzetan bakea eta askatasuna ekarriko zutenak, baina azken batean ardi larruz jantzitako otsoak. Gazte batzuek mendian segitu beharra zuten, eta txapelokerrek herri hartan segitzen zuten berdin-berdin egurra ematen eta beldurra zabaltzen.
Gaur egun oztopoak eta debekuak gorabehera herri horrek zutik dirau, baina bere nortasuna ukatuta, bere bizilagun asko jipoituak eta baztertuak, bere hizkuntza eta kultura kolokan, bere ondasunak bahituta..., txapelokerrek nonahi eta noiznahi gazte bat edo beste txakurtegira eramaten dutela, ondoren gizatxarren epaile faltsu horiek urte luzeetako zigorrak ezar diezazkieten. Hortxe dauka herri horrek bere infernua, baina oraingoz ez dirudi inongo filmetan ezagutzera emango denik, adierazpen batzuk susmopean izanik debekatuak baitaude.
Batzuk infernuaren infernuan dabiltzan bitartean, besteak infernuaren zeruan bizi dira, propaganda eta babes instituzionalak ematen dien segurtasunarekin.