Egun horretan auto karabana egin zuten. Hiru aste beranduago, berriz, parrilla-poteoa egin zuten, eta gaur bizikletaz txangoa egitekoak dira. Hurrengo ekimenak honakoak izango dira: "Zure etxea eraiki" izenekoa, abenduaren 12an, ostirala, 18:30ean, herriko Santa Eugenia plazan, eta plaza bera hartuko duen kanpaldia. Azken ekintza hori abenduaren 26an abiatuko dute eta horrekin itxiko dute etxebizitza duinaren aldeko ekimenen fase hori.
IGAren agiria: "Etxebizitza: Itzubaltzeta / Romon bizi nahi dugu!"
Etxebizitzaren egoera ikusita, batez ere gazteriari begira, Itzubaltzetako Gazte Asanbladak horren inguruko borroka bat abiatu zuen, etxebizitza eskubidea dela –eta ez pribilegioa– aldarrikatzeko. Honako puntuetan laburbiltzen da IGAk egindako azterketa:
1.- Gazteria "ama-aita" hotelera kondenatuta.
Argi dago gazteria independizatu behar dela (EAEko gazteriaren kontseiluaren aburuz, %89 bizi da gurasoekin), baina ezinean gaude!! Etxebizitzaren prezioa 1998tik %91 igo dela argi eta garbi erakusten duen moduan (La Caixak 2008n argitaratutako datuen arabera). Gainera, bitartean soldatek %27 baino ez dira hazi.
Itzubaltzeta / Romon, metro karratuaren bataz besteko prezioa 4.257 eurokoa da, eta inolako egonkortasunik gabeko gazteok ordaindu beharrean gaude. Izan ere, INEMeko 2006ko datuen arabera lan kontratuen %66 aldi baterako dira. Egoera hau ez da naturala, baizik eta negozio bilakatu den eskubide baten, etxebizitza izateraren, urraketarena.
Honela banatzen da etxebizitzaren prezioa merkatu librean:
- %60a zoruaren balorea (atera kontuak lur zoruen berkalifikazioaren negozioaz!!).
- %25a konstruktorek eramaten dute (euren gastu guztiak barne).
- %15a zergak.
Bestetik, esan behar da bankuek, espekulatzaileek (eraikitzen diren etxebizitzen herena espekulaziorako da), inmobiliariek eta abarrek ere negozio honetan parte hartzen dutela.
Guzti horregatik, EAEn, hipoteka baten batazbesteko iraupena 26 urtekoa da. Hala ere, interesak direla eta, etxebizitzen prezio erreala ia bikoizten da, gutxi gora-behera 92 milioietara ailegatuz.
Dena dela, gazteria erostearen ezintasunean aurkitzen denez, alokairura jotzen du normalean, auzoan bizitzeko gutxienez 800 euro ordaintzera beharturik.
2.- Zer "alternatiba" saltzen digute?
Askotan, BOEez (babes ofizialeko etxebizitzak) hitz egiten da, baina hauek gazteontzako irtenbide bat izatetik urruti daude, zozketa huts bat direlako. Zozketa horretan parte hartu ahal izateko gutxieneko soldata urteko 9.000 eurokoa da, gutxieneko soldata interprofesionala 7.200 eurokoa den bitartean. Horrela, behartsuenak loteria horretan parte hartu barik geratzen dira. Bestetik, gehieneko soldata parte hartu ahal izateko 43.000 eurokoa da. Nork kobratzen du halakorik??!!
Zozketa hau, askotan aldez aurretik hitzartuta dagoena, etxebizitzaren negozioa zilegiaraztea dakar soilik, herritarrak pozik edukiz, etxe bat tokatzearen zain!! Horregatik, BOEek, eraikuntzaren negozioa betikotzea baino ez dakarrela uste dugu. Oso adibide garbia Getxoko LZParena (Lurralde Zati Plana) da, zeinek gutxienez 7.000 etxeren eraikuntza aurreikusten duen Azkorrin, herriko azken baserri gunea suntsituz.
Itzubaltzetako Gazte Asanblada, Azkorriko txaleten eraikuntzaren aurka agertzen da, lehenago Getxon dauden 3500 etxebizitza hutsei irtenbidea eman beharko litzaiekelako. Izan ere, etxe berriak eraiki arren hauen prezioa ez da jaisten. Konklusioa: egoera honen aurrean, gazteoi batzea eta borrokatzea beste irtenbiderik ez zaigu geratzen, inork ez digulako ezer oparituko. Bizitza ederregia da makurturik emateko.