Garbiketa zerbitzuetako behargin eta arrandegi / kutxako kobratzaile trebakuntza ikastaroak antolatuko ditu, datozen hilabeteetarako, Getxoko Udalaren Lan eta Garapen Ekonomikorako Zentroak. Langabezian egon eta lana topatzeko zailtasun handiak dituzten getxoztarrak izango dira ikastaro horien hartzaileak. Batez ere, Oinarrizko Errenta edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin txertatze hitzarmenak izenpetuta dituztenei daude zuzenduta. Eskola graduatuko oinarrizko ikasketak ere eduki behar izango dituzte eginda, udal iturriek zehaztu dutenez. Gauzak horrela, Behargintza zentroan bertan eman beharko da izena; Algortako San Martin kaleko 17. zenbakian, hain zuzen ere. Informazio gehiago eskatzeko, 944 660 140 telefono zenbakira deitu edo behargintza[abildua]getxo.net. e-posta helbidera idazterik badago. Gainera, garbiketa zerbitzuetako langile ikastaroan parte hartzen dutenek sei hilabetez edukiko dute lana. Arrandegi / kutxako kobratzaile ikastaroan izena ematen dutenek, berriz, beka lortu ahal izango dute. Argazkian, Getxoko Behargintza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!