Itzubaltzeta Romoko Pedro Aristegi eskolan ikasi eta 1987an Oinarrizko Hezkuntza Orokorra (OHO) bukatu zuten dozenaka lagun bilduko dira bihar 18:00etan, egun Romo ikastetxea den lekuan. Ekimeneko antolatzaileek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, 1973an jaiotako ikasle guztiak batu eta orduan izan zituzten irakasleekin bilduz guztien arteko harremana mantendu nahi dute. Horretarako, bertan ikasi edo irakatsi zutenak topatzen saiatu eta 100 bat lagunekin kontaktatu dute. Haietatik erdiak baino gehiagok aintzat hartu du bilkuraren ideia, eta arrakasta hain da handia izan ondoren egingo duten afarirako muga jarri behar izan dutela. Izan ere, Aurrezki Kutxa kalean dagoen Tudelilla taberna txiki gelditu zaienez, bertan 51 lagun afalduko dute, kanpoan hainbat pertsona geldituko dela. Argazkian, Romo ikastetxea pasa den maiatzaren 3an, Itzubaltzetako Koadrilen Arteko II. Futbito Lehiaketaren finala jokatu zenean.