Gaur goizean zendu da Mikel Laboa musikari donostiarra, 74 urte zituela. Azken asteotan makal ibili ondoren, atzo gauean Gipuzkoako Poliklinikan ingresatu zuten eta gaur goizeko 05:30ak aldera hil da, Marisol Bastida emaztea eta seme-alabak alboan zituela. Gorpua dagoeneko eraman dute Donostiako Errekaldeko beilategira eta bihar 11:15 aldera erraustuko dute, hantxe. Familiakoak eta hurbilekoak goizetik daude beilategian, eta dagoeneko hasi da gizarte eta kultur munduan ezaguna den jendea hara hurbiltzen. Besteak beste, Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta "Jakin"-eko burua, Mari Karmen Garmendia Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia eta Jose Mari Gorrotxategi gozogile ezaguna han izan dira dagoeneko familiari samina adierazten. Herritarrek, berriz, 17:00etatik aurrera edukiko dute Laboari azken agurra emateko aukera, Elkar diskoetxeko iturrien arabera. XX. mendeko kantari esanguratsuenetarikoa izan da Laboa. 1960ko hamarkadan bere ibilbide musikala hasi zuenetik esperimentazioa eta euskal kanta maisutasunez uztartu zituen. Argazkian, Mikel Laboa 2007ko irailean / Euskarazko Wikipedia.
Ez Dok Amairu-ren sortzaile eta kide ezagunenetakoa, belaunaldiz belaunaldi iraun du Laboaren arrakastak, eta bere garaikideena ez ezik, gazteen miresmena jaso du behin baino gehiagotan. Joxean Artzeren letraren gainean ondu zuen "Txoria txori", esaterako, euskal kantarik ezagunenetakoa bihurtu da. Artzerenak bezala, hainbat euskal poetaren letrak musikatu zituen. Euskal kantagintza tradizionala jorratu zuen, alde batetik, besteak beste, aintzinako doinu eta abestiak berreskuratuz. Bestetik, bide erabat esperimental eta berritzaileetan aritu zen, "Lekeitioak" horren adibide. Medikuntza ikasi zuen eta haurrentzako psikiatra izan zen ogibidez. Abenduaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman behar zion bere ibilbideagatik, Markel Olano ahaldun nagusiak azaroaren 11n iragarri zuenez.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.