Elurteen arriskuaz ohartarazi dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 1a, 16:49

Eguraldi iragarpenen arabera, datozen egunotan elur kota 1000 metrotik behera mantenduko da. Kantauri isurialdean batez ere, ekaitzak eta kazkabarra ere bota ditzakeela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak. Gaur, elur kota 600-700 metro inguruan ibiliko da eta txingorra jausteko arriskua handia izango da. Asteartean, gainera, egunaren lehen zatian txingorra egin lezake eta elur kotak behera (500-700 metrotara) egingo du, eguna amaitzean 900 metrotan jartzeko. Bestalde, itsasoari begira, 4 metro inguruan mantenduko dira olatuak. Guzti hori dela eta, Herrizaingo Sailak Neguko Bide-zaintza Plana abiatu du. Datorkigun eguraldiaren aurrean, Herrizaingo Sailak, informatuta egoteko, norbere babeserako neurriak hartzeko eta ahal den neurrian, itsasoan sartzea edota, mendira joatea ekiditeko eskaera luzatu die herritarrei. Elurra egitearen arriskua dela eta, autoa hartu beharrean garraio publikoa erabiltzeko ere gomendatu dute. Gidariek trafikoaren eta errepideen egoeraren berri izan dezakete Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren telefono zenbakian (902 112 088). Era berean, Trafiko Zuzendaritzaren web gunean kontsulta dezakete: www.euskadi.net/trafikoa. Argazkian, aurreko asteotan euriteak izan dira nagusi, errekek gainezka egiteko arriskua ekarriz.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Trafikoa Kudeatzeko Zentroak koordinatzen duen Neguko Bide-zaintza Planak trafiko eta errepideekin nolabaiteko harremana duten erakunde eta instituzioen elkarlana bilatzen du. Neguko denboraleei aurre egiteko programan, Trafiko eta Hiritarren Segurtasunerako Zuzendaritzak, Herrizaingo Saileko Larrialdiei aurre egiteko Zuzendaritzak, Foru Aldundietako errepide zerbitzuek eta autobideetako kontzesionarioek hartzen dute parte. Euskalmeten (Metereologiako Euskal Zerbitzua) babesa ere badauka.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun