Aurtengo ekitaldian, liburu dendak, argitaletxeak, aldizkariak, fanzineak, saltokiak eta komikiaren munduari loturiko beste zenbait denda izan dira Areetan eta Itzubaltzetan. Guztira, 70 batu zituzten, 100 bat postutan banatuta. Horietan, bisitariek merkatuko azken nobedadeak, komiki klasikoak eta bilduma komikiak erosteko aukera izan zuten. Ohi denez, aurten parte hartu duten zenbait argitaletxek kaleratu berri duten lanak aurkeztu zituzten, batzuetan euren egileen eskutik
Izan ere, gonbidatutako egileak azokaren ardatz nagusienetariko bat dira, tokiko kultur iturrien hitzetan. Aurten 30 sortzaile baino gehiago bildu dira eta mahai-inguruetan, hitzaldietan eta argitaletxeen aurkezpenetan parte hartu dute, sinatze-txandak ahaztu gabe. Azken horietan zale asko bildu zen egileen sinadurak eta marrazkiak lortzeko. Aurtengo gonbidatuen artean, honako artista hauek aipatu behar dira: Gene Ha, Michael Golden, Arthur Suydam, Paco Roca, Luis Duran, Tony Sandoval, Miguel Angel Gallardo, Jason, Ramon Boldu eta Carlos Gimenez, besteak beste. Azken horri, "Paracuellos" eta "Los Profesionales" ospe handiko lanen egileari, omenaldia egin zioten, bere jarduera luzea dela eta. Halaber, “Ipurbeltz” aldizkaria ere omendua izan zen, hiru hamarkadaz euskarazko haur eta gazteentzako komikia bultzatu du eta.
Manga Gunearen arrakasta
Nahiz eta iaz lehenengo aldiz ospatu, Manga Gunea “ezinbesteko topagune” bilakatu da Komiki Azokan, Getxoko Kurtur Etxeak adierazi duenez. Aurten ere Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan kokatu dute eta bertan 30 bat salmenta postu bildu dira. Halaber, manga munduaren eta ekialdeko kulturaren inguruko jarduera ugari egin dira etengabe, goizez eta arratsaldez, horietako batzuk zenbait manga elkarteek antolatuta. Horien artean Elisabet Basanta marrazkigile gazteak zuzendutako manga komiki tailerra, lehiaketak (karaokea, cosplay -mozorroak-, eta abar) eta anime (Japoniako marrazki bizidunak) telesailen aurkezpenak nabarendu behar dira. Bestalde, Japoniako Enbaxadak herri horren antzinako jostailuen eta Ikebana (tradiziozko lore apainketa) artearen erakusketak antolatu zituen.