Udan Errusiako umeak etxean hartzeko kanpaina abiatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 1a, 17:04

Abendua eta urtarrila artean, kanpaina berria garatuko du Bikarte elkarteak, egoera behartsuan dauden Errusiako familietako umeak, gune kutsatuetan bizi direnak eta errusiar umezurtz etxetako neska-mutilak 2009ko udan harreran hartzeko familiak topatzeko. Horretarako, hainbat herritan, interesatuta dauden sendiekin bilduko dira errusiar umeen harrerarako elkarte ongilearen arduradunek, eta beste ekintza batzuk ere aurrera eramango dituzte, elkartasun ferietan parte hartzea kasu. Aipaturiko topaketetako deialdiak bere web orrian (www.bikarte.com) eta hedabideetan iragarriko ditu Bikartek. Baina interesaturik egonez gero, zain egon ordez 605 709 024 telefono zenbakira deitu edota honako posta elektronikora, bikarte[abildua]yahoo.es, idatz daiteke. Aurtengo udan Errusiako 3 neska-mutil hartu zituzten familia getxoztarrek. Argazkian, udan Sahara eta Ekialdeko Europatik Getxora etorritako 45 haurrak.

“Ezin dugu Mundua aldatu, baina ume baten mundua alda genezake” leloa aintzat hartuz abiatuko du kanpaina Bikartek. Harreraren helburu nagusia “sei urtetik gora dituzten eta maitasun gabezia jasaten duten umeei laguntzea, euren estimua indartuz, eta eguzki ezak, irradiazioak eta beste arrazoiek eraginiko osasun txarra sendotzea” dira, errusiar umeen harrerarako elkarte ongilearen arduradunek adierazi dutenez. Euren hitzan, “ez dira gaitz larriekin etortzen. Gainera, familia gehienek esperientzia oso positibotzat jotzen dute eta maitasun loturak egiten dira, hurrengo urteetan ere ume bera abegian hartuz”. Laguntzeko gogoa duen adin nagusiko edozein lagunek har dezake ume bat harreran: Familia gazte edota ez hain gazteak, seme-alabekin edo gabe, guraso bakarrekoak… Familia bakoitzak bere bizkar hartzen ditu umearen bidaia eta mantenu gastuak. Hala ere Bikartek laguntzak jaso eta gastu horiek gutxitzeko lan egiten dabil.

Iaz 102 neska-mutil

Aurtengo udan 102 neska-mutil beregan hartu zituzten familiek, Bikarteren ekimenez. Horietatik 3 Getxo udalerrian. Elkartea orain Negu Kanpainan hirurogei bat ume inguru ekartzea gauzatzeko lanean ari da. Hala ere, umea harreran hartu ezin duenari, beste era batera laguntzera gonbit egin dio elkarteak, hau da, emariak eginez edo boluntario moduan ondoko arloetan lagunduz: psikologian, informatika mailan edota jarduera desberdinetan lan eginez. Aldi baterako harreraz gain, Bikartek egoera larriak bizi dituzten beste herrialdetako umeen laguntzarako egitasmotan parte hartzen du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun