Botoa aldez aurretik emateko aukera beste hauteskunde batzuetan bozka postaz ematea bezalakoa da, EHUko arduradunen hitzetan. Adierazi dutenez, "horri esker, unibertsitateko kideek botoa eman dezakete hauteskundeen eguna baino lehen". Ikasle eta irakasleek ikastegietako zuzendaritzetan eman ahal izango dute botoa aldez aurretik eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileek, berriz, campuseko errektoreordetzetan. Ordutegia ikastegi edo campus bakoitzak zehaztuko du.
Sufragio unibertsal haztatua
Marisol Esteban eta Iñaki Goirizelaia artean errektorea aukeratzeaz gain, abenduaren 4an Klaustrorako hauteskundeak ere egingo dira, zenbait ikastegitako irakasleen bi sektoreetako ordezkariak eta ikasleen ordezkariak aukeratzeko. Klaustroko hauteskundeetarako ere badago botoa aurrez emateko aukera. Errektorea sufragio unibertsal haztatuaz hautatzen da. Botoa ematera deituta dauden 52.236 hautesleak honetara daude banatuta: 45.553 irakasle doktore iraunkorrak dira, 1.708 bestelako irakasleak; eta 52.236, berriz, AZPko langileak. Botoa honela haztatuko da: %51 irakasle doktore iraunkorrek; %18 bestelako irakasle eta ikertzaileek; %20 ikasleek eta %11 administrazio eta zerbitzuetako langileek.