Presoen Aldeko Taldearen oharra:
Datorren abenduaren 4ean, UPVrako errektore hauteskundeak ditugu. Beste behin ere, demokrazia unibertsitarioaren erakuslerik gorenena bezala aurkezten diguten hauek, euskal unibertsitarioon eskubideon urraketan urrats berriak emateko baliatuko dituzte: erabakiaren pisu nagusia unibertsitatearen %5 ordezkatzera iristen ez den katedratiko-jauntxoen eskuetan utziz eta gehiengo zabala garen ikasleon hitza bigarren, edota hirugarren maila batean utziz. Ikasleok ez omen gara horrelako erabakiak hartzeko gai.
Apartheid eta zanpaketa egoera honetaz asko dakite Iñaki Goirizelaia eta Marisol Esteban hautagaiek. Haien arteko talka irudikatzetik haratago, biek eskaintzen digute berdina: PNV eta PSOEk haien artean negoziatutako unibertsitate proiektuaren gestio hutsa, hau da, euskaldun eta euskal herritarrontzako iruzur argia.
UPV herri honen sektore español eta atzerakoienen gotorleku izan da eta da gaur egun ere. Oraingo hauteskunde hauetan gainera, PSOEren eskutik datorren hautagaia aurkeztu dute: Marisol Esteban. Euskal herritarron eskubideak inongo lotsarik gabe zapaldu eta Euskal Herriaren desagerpen eta asimilazio estrategian urratsak ematea da kolonizatzaile hauen helburua. PSOEk EAEko egitura ezberdinetan boterea lortu nahi du, PNVrekin batera eskutik heldu eta zapalkuntza eta negozioaren bideari jarraitu ahal izateko.
Perez eta Goirizelaiaren eredua PNVren eredu eredu neoliberal eta erregionalista da, gutxi batzuk aberasten diren bitartean prekarietatera kondenatzen gaituzte. Kareta euskaltzalea darabilten arren, unibertsitate español baten gestore besterik ez da PNV, beste eremu batzuetan egin duen bezala, txanpon batzuen truke espainiar legalitate eta espainolen beharrei men egingo diena.
Bien proiektuak demokrazia ezan oinarrituta daude, errepresio gordinean. Biek ala biek, Euskal Herriarentzako bestelako unibertsitate baten alde borrokatzen dutenen aurka txakurrak bidaltzeko inolako arazorik ez dute izango. Ikasleon ahotsa indarrez isilarazten saiatuko dira kolore desberdinetako txakurren bidez.
Unibertsitateko demokraziaren iruzurraren beste atal baten aurrean gaude eta ezin dugu egoera hau oharkabean pasatzen utzi. Ikasleok abstentzioaren bitartez agintari eta arduradun politiko guztiei erakutsiko diegu ez dugula iruzur honetan sinesten.
Campus polizialik ez! Ikasleok abstentzioa!
Presoen Aldeko Taldeak (PAT)