Etorkinen inguruko Giza Art erakusketa ostegunean helduko da Algortara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 1a, 19:50

"Giza Art: ahotsak eta ohiartzunak" izeneko erakusketa ibiltaria ostegunetik abenduaren 21era bitartean egongo da zabalik Algortako Torrene kaleko 3. zenbakian dagoen erakusketa gelan, hau da, BBKren egoitza zaharrean. Modu horretan hasiko dira, abenduaren 18an izango den Etorkinen Nazioarteko Egunaren inguruan, Getxoko Udaleko Immigrazio eta Kulturarteko Unitateak antolatutako ekitaldiak. Bilboko Zubietxe arte tailerreko artista etorkin batzuek egindako hainbat lan eta komiki eta ilustrazio munduko zenbait profesionalek egindako horien bertsioak ikusi ahal izango dira erakusketan, arduradunek adierazi dutenez. Bisita ordutegia 18:30etik 21:00etara izango da, astelehenetik ostiralera, eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara, larunbatetan eta igandeetan. Bestalde, ostegunetik abenduaren 29ra arte, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren kontrako txartelen lehiaketarako izena emateko aukera edukiko dute ikasle getxoztarrek. Lanak herritarrak artatzeko bulegoetara eraman beharko dira. Parte hartzeko baldintzak asteazkenetik aurrera kontsultatu ahal izango dituzte interesatuek aipatu bulegoetan edota www.KaixoGetxo.net webgunean. Argazkian, emakume etorkin bat Algortako San Nikolas plazara bidean.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Zubietxe arte tailerrak antolatutako ekimenaren helburua da "artistek artelanetan islatzen dituzten esperientzien bidez getxoztarrak immigrazioaren inguruan sentsibilizatzea", udal iturrien arabera. Horrela, egun batean beren jaioterritik alde egin behar izan zuten pertsonek eta ilustrazioko profesionalek prozesu migratorioei buruz duten irudia eskaintzen dute. Era horretan erakusketak elkar ulertzeko topagunea izan nahi du; baita aniztasunaren aldekoa ere. "Gure gizarteak aldarazten ari diren prozesu migratorioen bizitza eta emozioak sentitzeko aparteko aukera izango da; elkartzeko eta gure auzokideen begiekin ikusteko aukera ezin hobea", Elena Coria Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez.

Txartelen lehiaketa

Arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren kontrako txartelen lehiaketari dagokionez, udalerriko ikastetxeetan dabiltzan neska-mutilei egongo da zabalik, honako hiru kategoria hauetan banatuta: lehena Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko 2. mailara bitartekoentzat izango da; bigarrena DBHko 3.m ailatik Batxilergoko edo baliokidetako artekoentzat eta azkenik, publiko orori. Gaia Arrazakeriaren, Xenofobiaren eta Intolerantziaren kontrako Nazioarteko Egunaren (martxoak 21) ingurukoa izan beharko da. Getxo udalerrian egun horretako goiburua "Aniztasunaren alde, diskriminazioaren kontra" izango da. Lanak jatorrizkoak eta argitaragabekoak izan beharko dira, goitik beherako formatuan, DINA4 edo DINA3 neurritan, euskarririk gabekoak. Talde bakoitzak kultur aniztasunari lotutako sari bana edukiko du, eta lehenengo bietan, gainera, ikastetxeek ere saria jasoko dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun