Auto-karabana eginez, Leioako Udala "dirua zarrasteltzen" dabilela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 1a, 21:02

Lamiako-Txopoetako auzo elkarteak eta Auzotik kolektiboak deituta, 20 ibilgailu inguruk parte hartu zuten, joan den larunbatean, eguerdian, Leioan barrena egindako auto-karabanan. Euren hitzetan, Udalak "aurrekontua zarrasteltzen" dabilela salatzeko antolatu zuten ekimena. Diotenez, tokiko erakundeak "kristolako azpiegiturak egingo dituela zabaltzen dabil lau haizetara, leioaztarren benetako beharrizanak alde batera uzten dituen bitartean; aparkatzeko tokiak, berdegunean edota udalerri barruko garraioa kasu". Aipatu egitasmo horien artean jarri dituzte auzotarrek Udalak 55 milioi eurotan egin gura duen surfa egiteko olatu artifiziala edota 100 milioi euro inguruko kostua izango duen Lamiakoko araztegia. Horretaz gain, larunbatean, Lamiakoko kultur etxetik abiatzera zihoazenean, udaltzainek autoen matrikulak apuntatu zituztela salatu dute. Euren hitzetan, "Eneko Arruebarrena alkatearen aginduz, auto-karabana arriskutsua suertatzekotan errepresaliak hartzeko asmoz". Argazkian, udaltzainen patruila-autoa, larunbatean, Lamiakoko kultur etxean / La depuradora de Lamiako.

Lamiakoko Araztegiaren kontrako Herri Ekimeneko kideek azaldu dutenez, ia Leioa osoa zeharkatu zuen auto-karabanak, eta geldialdiak egin zituzten "ahalik eta oztopo gutxien eragin" zezaketen zonaldeetan. Gauzak horrela, Lamiako, Txopoeta, Udondo, Boulevard, Sakoneta, Txorierri, Artatzagane eta Pinuetan idatzi bat irakurri zuten, urriaren 23an udaletxean aurkeztu zuten adierazpenaren zati dena. Orduan, Lamiako-Txopoetako bizilagunek eta Auzotik kolektiboak ez ezik, Pinueta ("La Boronita") eta Artatzaganeko auzo elkarteek ere bat egin zuten eskaerekin. Hala ere, oraindik ez dute alkatearen erantzunik jaso.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun