Zehazki, asteburu honetan, metroaren oraingo trenbidearen eta Getxo aldean egin den behin-behineko saihesbidearen artean trenbideko elementuak konektatuko dira, geroago geltoki berria kokatuko den orubeak libratu ahal izateko, Garraio Partzuergoko iturriek azaldu dutenez. Trenbidea, katenaria, seinaleak eta komunikazio sistemak egokitzeko lanak larunbatetik astelehenera bitartean egingo dira (abenduaren 6tik 8ra). Egun horiek aukeratu dira jatorria edo helmuga Bidezabal eta Plentzia artean duten bidaiariei "ahalik eta eragozpenik gutxien sortzeko, hiru jaiegun horietan urteko bidaiari trafikorik txikiena ere izango denez gero", azaldu dutenez. Lanok trenbideko ohiko zerbitzua etenaraziko dute 1. lineako zati horretan, bi noranzkoetan, besteak beste, argindarra moztu behar delako. Trenen ordez, BGPk eta Metro Bilbaok autobus zerbitzu berezia ipiniko dute, trenen ordutegi eta maiztasun berberekin. Metroen ordezko autobusak Plentzia, Urduliz, Berango eta Bidezabalgo geltokien ondoan geratuko dira; Sopelan udaletxetik gertu dagoen Urbaso tabernaren ondoan eta Larrabasterran Iberre kalean, geltokitik gertu. Tren-autobus aldaketak Bidezabalgo geltokian egingo dira eta geltoki guztiak seinalatuta egongo dira.
Zubi honetako obrak metroaren ibilbidean dauden pasaguneen azken aurrekoa kentzeko eta Getxo udalerrian metroaren zazpigarren geltokia egiteko lanen barruan sartzen dira. 36 hilabeteko obrak eta 36 miloi euroko inbertsioak beharko dira obra horiek finkatzeko. Eusko Trenbide Sarea iazko ekainetik ari da zati horren gainean lanean; 1.250 metro luze ditu guztira eta metroaren beste geltoki bat hartuko du, lurrazalean (oraindik izenik gabe), eta 300 tokiko aparkalekua ere lotuko zaio.
Faseak
Eraikuntza proiektuak hainbat fase ditu. Getxo aldeko geltoki berria izango da egitasmoko lehenengo ekintza. Bidezabaleko geltokiaren ondoan dagoen trenbide gurutzea, Metro Bilbao ustiatzeko eta 1. lineako San Inazio-Bidezabal tartean bost minutuko maiztasunak eskaini ahal izateko ezinbestekoa, Andra Marin egongo den geltoki berrira eroango da.
Geltoki berriak hiru trenbide izango ditu trenen mugimenduak errazteko, baita 300 auto inguru sartzeko besteko aparkalekua ere. Izan ere, datozen egunotan egingo diren obrekin lurzoruak libratuko dira geltoki berria egiten hasteko. Ondoren, behin-behineko saihesbidea Maidaganen eta lurperatzeko lanak egingo dira, geltoki berria amaitu eta gero hain zuzen. Trenbide bakarra ipiniko da, oraingo bidearen parez pare, eskoramendua eta lurperatzea bideratzeko.
Azkenik, amaierako urbanizazioa burutuko da. Metro Bilbaoren trenbideak estalita geratuko dira 300 bat metroko luzeran, eta kanpoaldea urbanizatu egingo da auzokoek erabiltzeko.