Gainontzeko ekoiztetxek ez bezala, euren bokazioa "liburu gehiagorik ez ateratzea" dela aipatu du, gaurko prentsaurrekoan, Olatz Caminos Ataramiñe argitaletxeko kideak, "hori euskal preso politiko gehiagorik ez dagoela suposatuko lukeelako". Urtean zehar euskal preso eta iheslari politikoek egindako lanak bildu eta liburua atera ohi dute. Aurten, gainera, "inoiz baino parte hartze handiagoa" izan dela nabarmendu du Caminosek: "Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoa azalean jasaten duten" ia 30 lagunen testigantza aurkituko dugu liburuan. Besteak beste, poesia, bertsoak, ipuinak, kronikak, margoak zein marrazkiak jasotzen ditu "Ataramiñe 08" aleak. "Oraindik orain bizirik dirautela eta euren sormen lana handia dela" adierazteko asmoz, Ataramiñekoen hitzetan. Azaldu dutenez, adierazpen artistiko horien bidez, "mundu erreal, gordin eta ankerraren ondoan, mundu irreal, oniriko eta amestuak aurkituko ditugu bata besteari kontrajarriz eta osatuz". 297 orrialdeko "Ataramiñe 08" liburua Durangoko Azokan jarriko dute salgai, 18 eurotan.
Bestalde, Meaux Chauconin Neufmontiers espetxe frantziarrean dagoen Urtzi Zubizarreta gazte donostiarrak idatzitako lehen poesia liburua argitaratu du Ataraminek. Azaldu dutenez, "Kartzelako neurriak" liburuan, "espetxearen hertsitasun inposatuan nekez kabitzen den pertsona bizi eta emankor baten isla aurkituko du irakurleak. Ziega arrotz hutsak, bakartasun ezin saihestuak, borrokarekiko konpromisoa, kidetasunaren garrantzia... Naturatik at dagoen zementuzko mundu irreal horretan, ezer ez da kalearen pare, berdin: kartzela den mundu surrealistako neurriak, gatibuarentzat ikasi beharrekoak izango dira biziraun nahi badu, eta irakurleari transmititzen saiatuko da Urtzi liburu honen bitartez". 80 orrialdeko poesia lana 10 eurotan jarri dute salgai.
Azkenik, Muret Seysses espetxe frantziarrean preso daukaten Zorion Zamakola bilbotarrak egindako mahai jokoa kaleratu dute. Berreziki umeentzat egina, pedagogikoa da "Mendian gora, ibaian behera, Euskal Herrian zehar" jokoaren helburu nagusia. Jokalariek, tableroan zehar euskal geografia ikasiz gozatzeko aukera izango dute. Tableroa, txartelak, fitxak eta dadoak baliatuz, Euskal Herriko mendi eta ibai nagusienak ezagutzeko aukera ematen du joko honek. Jokoaren ezaugarri nagusienak: truke sistemak erabili eta ezagutu, naturarekiko harremana landu, Euskal Herriko orografia ezagutu, eta adin guztietako pertsonek (8 urtetik aurrera) elkarrekin jolasteko aukera luzatzen du.
Errealitatea eta fikzioa
Olatz Caminosekin batera, Jon Etxeandia eta Mitxel Sarasketa -getxoztarra bera- preso ohiek ere parte hartu dute eguerdiko prentsa aurrekoan. Lehenengoak bildumako poesia bat irakurri du. Bigarrenak, berriz, preso bat idaztera zerk bultzatzen duen azaldu nahi izan du. Aipatu duenez, "guk aurkeztu behar izaten ditugu horrelako lanak egileak gure artean ez daudena, bideokonferentziarik ere ezin dugu egin". Hala ere, gutxigatik ezin izan du behe mahai jokoa aurkeztu Zorion Zamakolak. Izan ere, abenduaren 13rako dauka espetxetik ateratzeko data, jakinarazi dutenez. Bitartean, Literatuta aldetik espetxea "eremu emankorra" dela aipatu du Sarasketak; bai Literatura Unibertsalean, bai Euskal Literatutan, Etxeparetik hasita. "Komunikazioa bideratzeko (familiarrei gutunak...) idazten da gehien bat. Baina zailtasunak gainditu ezinik eta beste baliabiderik ez duenean, fantasia erabiltzen du presoak", azaldu du getxoztarrak. Irakurleengan, berriz, "kuriositatea, interes humanoa, abentura kutsua edota interes politikoa" eragiten dute horrelako lanek, Sarasketaren iritziz.
Bestalde, Ataramiñe bildumak egiten duen salaketa lana goraipatu du. "Idazleak espetxe funtzionarioen jazarpena dakar. Gehienetan bide izkutuetatik atera behar izaten dira lanak", aipatu du preso ohiak. Ildo horretan, "segun eta zer idazten duzun" horrek kartzela zigorra ekar dezakeela adierazi du Sarasketan. Horren adibidetzat jarri ditu Iñaki de Juanak idatzitako iritzi artikuluak. Bitartean, irakurleen iritzia jasotzeko asmoz, lanon egileen helbideak liburuan agertzen direla aipatu dute.