Getxo udalerriko EHE: "Getxo euskaldunerantz abia gaitezen"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 3a, 15:08

Getxo udalerrian azken 10 urteotan euskarak aurrera egin duela esatea begi bistakoa dena onartzea da. Euskalgintzan jardun duten ehunaka pertsonen lanaren ordaina da hori, baita elkartegintzan, herrigintzan, irakaskuntzan, enpresetan eta abarretan beharrean ibili direnena ere. Tokiko administrazioak ere bere harri koxkorra ekarri du azken urte hauetan, euskaldunekin duen zor historikoaren zati bat estaltzera etorriz. Izan ere, hutsaren hurrengotik abiatzen dena ia beti gorakada handiak egitera behartuta dago. Horrela, gutxieneko baliabideak dituen Euskara Zerbitzua, 2002ko Udal Euskara Plana eta 2003ko EBPNa, hamaika ekimen zehatz edota euskalgintzan diharduten taldeentzako diru-laguntzak izan dira udal ekarpen nabarmenak. Baina, 2008ko euskaldunon identitate egun honetan (euskararen eguna eta Nafarroaren eguna data berean), etorkizunera begira jarri nahi dugu. Egungo dinamikarekin posible al da Euskal Herri euskalduna ahalbidetzeko estrategikoa den Bilbo Handiko eremu euskalduna eraikitzea? Erratuta ibiltzea gustatuko litzaiguke, baina guretzat, gutxienez Getxo udalerriari dagokionez, "ez" da erantzuna.

Getxon ere, eskolak euskaldundu behar du

Igeritoki bat ezin da bete isurbidea irekita uzten bada. Horrela gertatzen da jendartearekin ere. Etorkinen uholde berria euskalduntzeko kapazak ez eta belaunaldi berrien euskalduntzea bermatze aldera eskolak egin dezakeen guztia egin dezan ez du ba nahi EAJk. EAk, berriz, kafe hutsa eskatzen duenari deskafeinatua eskaintzen dio. Hemen, Landa alkateak, euskalduna izango den eredu bakarra baino, etorkinen seme-alabak B eredu batera bidaltzea hobetsi du Udalbatzan. Bitartean, haur hezkuntzan oraindik %48 da euskararen jabetza bermatuko ez dioten ereduetan ikasten duen umeen kopurua.

Gainera, merkataritzan eta arlo ekonomiko osoan, nahi izango balu ere, borondate hutsean oinarritutako neurriak baino ezin ditu hartu Udalak, Iturbe zinegotziak publikoki onartu duenez euskara merkataritzara eramateko Eusko Jaurlaritzako dekretua "hemen ia ez da igerriko" eta. Badaezpada, 600.000 euroko aurrekontua duen Valora proiektuaren ikastaroak erdaraz ematen dituzte.

“Elebitasunaren” diskurtsoaren pean

Baina gauza gehienak erdaraz egitearena ez da soilik esparru horretan. Emakumeentzako ikastaroetan ere, aurten Jabekuntza Eskolako 17 ikastaro eta tailerretatik bakarra egin da euskaraz. Gazte ikastaroei dagokionez, berriz, euskararen presentzia inoiz ez da %25etik igaro. Haurren aisialdian ere ekitaldi gehien eskaintzen den Haur Zineman %33ra ez da heldu aurten film euskaldunen kopurua. Eta orain Gabonetan gaudela urtero legez Kultur Etxeak gazte getxoztarrak Getxolandian begirale izateko animatu ditu, sos batzuk atera ditzaten. Zoritxarrez, urteetako tradizioari jarraiki, umeekin lan egin dutenei ez zaie euskaraz jakitea eskatu. Baina, hutsuneak konpondu ez eta aurretik emandako hitza ere jan egin du udalerri honetan EAJk. 2002ko Udal Euskara Planean kaleak euskaraz jartzea erabaki zuen, horretarako EA, ezker abertzalea eta PPren babesa eta PSE-EEren abstentzioa izan zuela. Orain arte, hiru kale berri euskaraz baino ez jartzeaz gain, Iturbek Udalbatzan agindu du ez dutela hizkuntz paisaia euskaldunduko. Adibideak adibide, ikusten dena da "elebitasunaren” diskurtsoaren pean ez dagoela Getxo euskaldunerantz pausuak emateko borondaterik eta uneoro bertako eta berezko hizkuntzaren gainetik, euskara, hizkuntza inposatua, espainola, garaile ateratzen dela.

Honek badu konponbidea

Esandakoak esanda, hizkuntza politika zuzentzea badago. Borondate politikoaz haratago gakoak errazak eta ezagunak dira, iaz kaleratu baikenituen Bizarra Lepoan Getxoko Euskara Elkartearekin batera:

• Aldaketak ordenamendu instituzionalean, udal jardueran euskarak zeharkako presentzia eta kudeaketa izateko.
• Benetako euskara batzordea sortzea, non, egungo bazterkeria alde batera utzita, euskalgintzan diharduten eragile guztiek eta ordezkari politikoek zein jendarte mailakoek, era parte hartzailean, Ordenantzak eta Euskara Plana diseinatu eta horietatik eratortzen diren aurrekontuen jarraipena egingo duten.
• Euskararen Ordenantzak eratu, tokiko euskaldunoi tokiko berme legala emateko, betetzen ez diren aginduak eta hizkuntza eskubideak errespetarazteko.
• Euskara Plan berria sortu, Udal Ordenantzek ezarritako bidetik.
• Aurrekontua: euskararen politika aktiboetarako aurrekontuaren %2 bideratuz.

Abenduaren 13, Euskaraz Bai!

Bitartean, hilaren 13an Kontseiluak BECen ospatuko duen Euskaraz Bai ekitaldira gonbidatzen zaitugu. Sarrera lortzeko, deitu 902 820 240 telefonora, sartu www.nierebanoa.com webgunean edo idatzi guehe@euskalerria.org posta elektronikora.

Getxo udalerriko Euskal Herrian Euskaraz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun