Alderdi politiko eta erakunde ugarik arbuiatu dute, gaur eguerdian, Ignacio Uria Mendizabalen heriotza ekarri duen atentatua. Horien artean,
Euskal Herriko Unibertsitateak "dolumin zintzoa" agertu die hildakoaren sendiari eta adiskideei, baita Altuna y Uria enpresako lankideei ere. Horretaz gain, "leungarririk gabe" gaitzetsi ditu atentatua eta atentatugileak EHUk. Unibertsitateko arduradunen hitzetan, "hilketa hau Abiadura Handiko Trena eraikitzearekin erlazionatua bada, edo gizarteari, ekonomiari nahiz politikagintzari dagokion beste edozein ekimenekin, atentatugileak erabat deskalifikaturik geratu dira horren inguruko eztabaidan parte hartzeko". Adierazi dutenez, "gizaki bat hil dute, eta horren aurrean garrantzia galtzen dute gainerako gogoeta guztiek". Hartara, ondoko egunetan deituko diren gaitzeste-ekitaldi eta manifestazio publikoei babesa eskaini die EHUko Errektoretzak. Marisol Esteban eta Iñaki Goirizelaia errektoregaiek ere adierazpenarekin bat egin dute. Besteak beste, 11:45ean izango da elkarretaratzea bihar, Leioa eta Erandioko campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen aurrean. Argazkian, oraindik orain jarduneko errektorea den Juan Ignacio Perez Iglesias.