Hauteskunde eguna da biharkoa EHUn

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 3a, 19:40

Hauteslekuak 9:00etatik 18:00etara egongo dira irekita, ostegun honetan, abenduak 4, Euskal Herriko Unibertsitateko campus eta ikastegietan. Irakasleek eta ikasleek kasuan kasuko ikastegian eman behar dute botoa, eta administrazio eta zerbitzuetako langileek campusetako errektoreordetzetan eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean. Errektore berria aukeratzeaz gain, ikasleek Klaustroko eta ikastegietako batzarretarako ordezkariak hautatuko dituzte. Bost ikastegitan irakasleen ordezkariak Klaustrorako aukeratuko dira eta fakultate eta eskola askotan Ikastegiko Batzarrak hautatuko dira. Guztira 99 hauteskunde-mahai eratuko dira eta 1.000 hautesontzi baino gehiago egongo dira. 242.000 hauteskunde txartel eta 65.000 gutunazal inprimatu dira. Horiek guztiak birziklatzeko jasoko dira. Gauzak horrela, errektorearen hautaketari dagokionez, Iñaki Goirizelaia eta Belen Esteban izango dituzte aukeran EHUko ikasle, irakasle eta langileek. Bestela ere abstentziorako deia luzatu dute Ikasle Abertzaleek (IA) eta Presoen Aldeko Taldeek (PAT).

Errektorea sufragio unibertsal haztatuaren bidez hautatzen da eta, beraz, unibertsitateko kide guztiak daude botoa emateko deituta. Guztira 52.236 lagun dira era honetara banatuta: 4.975 irakasle (1.986 irakasle doktore iraunkorrak eta 2.989 gainerako irakasleak), 45.553 ikasle eta 1.708 administrazio eta zerbitzuetako langile. Esan bezala, botoa haztatua da: unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreei %51 dagokie; gainerako irakasle eta ikertzaileei %18; ikasleei %20; eta administrazio eta zerbitzuetako langileei %11. Aurreikuspenen arabera, Juan Ignacio Perez Iglesias errektoreak, Hauteskunde Batzordearen buru bezala, 20:30ak aldera emango ditu errektorea aukeratzeko hauteskundeetako behin-behineko emaitzak Leioa eta Erandioko campuseko areto nagusian egingo duen agerraldian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun