PATek irakurritako oharra:
Atzo ikasleok errektoretza okupatu genuen UPVren jarrera anti-demokratikoa salatzeko helburuarekin. Beti bezala UPVko agintariek beraien maskotak ekarri zituzten. Zipaioek indarkeria erabiliz, banan-banan atera gintuzten eta horren ostean identifikatu. Hori egin ahal izateko, lau furgoneta eta patrol bat ekarri zituzten. Guztira 30 bat zipaio zeuden.
Hala eta guztiz ere, ez ziren konformatu barnean geundenak indarrez ateratzearekin; kanpoan zeudenen aurka ere oldartu ziren Espainiar txakur autonomikoak. Baina jasaten dugun errepresioa ez da atzokoarekin amaitzen. Oraindik hainbat ikasle daude epaiketaren zain. Horretaz gain, egunero jasan behar ditugu errepresio estrukturak: kamarak, segurtasun indar pribatuak... Honek argi uzten du beste behin ere, unibertsitate honen izaera antidemokratikoa.
Zein unibertsitate mota da bere ikasleen hitza entzun nahi ez duena?
Zein unibertsitate mota da ikasleen hitza isilarazteko txakurra erabiltzen dituena?
Unibertsitate anti-demokratiko, agintarien menpe dagoena eta ikasle sumisoak sortu nahi dituena. Guk borrokan jarraituko dugu ordea, unibertsitate demokratiko eta euskalduna lortu arte. Euskal Herriaren beharretara zuzenduta eta eredu askatzaileetan oinarriturik dagoen unibertsitatea hain zuzen ere.
Presoen Aldeko Taldeak (PAT)
IAk irakurritako oharra:
Atzokoan protesta bikoitza burutu genuen, azken 3 urteotan egin bezala, ikasleon hitza entzunarazteko, noiz eta UPVko errektoretza hauteskundeen zurrunbiloaren erdi-erdian. Alde batetik, UPVko klaustroan gure aldarrikapenak presentzia izatea genuen xede, eta horregatik gure irakurketa zabaldu nahi izan genuen bertan. Tamalez, instituzio honek gure hitza adierazteko ematen digun bide bakarra, haien ekitaldia oztopatzea da. Bestetik, Leioako kanpusetik Portugaletera ihesean joan diren honetan, ikasleen hitza saihestu nahi izan duten honetan, gure hitza UPVko egoitza nagusia eta gestio organu gorena den errektoretza erakinera eraman genuan. Hau da ikasleok gure aldarrikapenak errektoretzara heltzeko dugun bidea, ez hauteskundeena.
Bi ekimen hauetan, UPVko agintarien partetik jaso genuen erantzuna tamalgarria izan zen. Ikasleon aurka UPVko agintaritzak abian duen errepresio estrategia, disidentzia isilarazteko estrategia, eskuetatik joan zitzaien atzokoan, berriz ere.
Instituzio “unibertsitarioak” ez du zalantzarik izan azken hilabeteotan indar polizialak erabiltzeko eta horren ondorioz, ertzaintzaren presentzia neurrigabekoa da UPVn. Atzokoan berriz ere jasan genituen ikasleok indar polizial honetako agenteen eskutik mehatxua, iraina eta indarkeria. Ikasle bati besoa apurtu zioten bihurtzearen ondorioz. Baina atzokoan kezkagarriena ez zen izan ertzaintzak ikasleongan duen jarrera, baizik eta errektoreordeei beraiei isilarazteko keinuak egin izana da kezkatzen gaituena. Nork hartzen ditu erabakiak instituzio honetan? Nola da posible ertzain batek errektoreorde bat isilaraztea non eta UPVren egoitza nagusiaren barruan, errektoretza barruan!? Atzokoan eskuetatik alde egin zien egoerak UPVko agintariei. Haiek abiatutako estrategia errepresiboak irentsita daude. Atzokoan galdegiten zuen instituzio honek errektoretzan geunden ikasleona “ez zela benetako ikasle unibertsitarioen jarrera”. Gu berdina salatu beharrean gaude: atzokoa ez da, inondik inora, instituzio unibertsitario batengandik espero daitekeen jarrera.
Eta UPVren salaketaren harira, zein da bada “benetako ikasle unibertsitario” batengandik espero daitekeen jarrera? Bologna Prozesua bezalako inposaketa baten aurrean isilik eta eskuak gurutzatuta gelditzea al da ikasle unibertsitario baten jarrera egokiena? Hori al da fulltime ikasle profilaren bilatzen dutena? Ikasleria akritiko eta sumiso bat nahi duzuela bagenekien, baina hori publikoki eskatzea gehiegitxo da, ezta? Eskerrak oraindik nahikoa masa kritikoa baden unibertsitate honetan! Eskerrak ikasleok oraindik ere berezkoak ditugun kritikotasun, sormen eta askatasunari heltzen diogun! Eskerrak benetako ikasleria unibertsitario bat oraindik baden!
Min egiten dizue, ipurdian grano batek baino gehiago, enbarazu egiten dizuegu. Bai. Badakigu. Badakigu irabazten ari garela. Badakigu, batez ere, galtzen ari zaretela. Guztiz galduta zaudetela!
Ikasle Abertzaleak (IA)