Gauzak honela, gaur, seguruaski, bozketan %51ko pisua duten bi mila irakasle funtzionarioen artean Marisol Estebanek abantaila atera dezake, UPV-EHUko irakasle funtzionario asko espainiar estatu, sentsibilitate eta hizkuntzaren defendatzaileak direlako eta, halaber, azken urteotako hizkuntza espainolaren aldeko kanpaina etengabeak Estatu osoan eta nazio txikietan (Katalunia, Galizia, Euskal Herria) beren hizkuntza propioen garapena oztopatu eta horien aurkako jarrera puztu duelako.
Iñaki Goirizelaiak hiru mila irakasle ez-funtzionarioen artean irabaz dezake, baina multzo honen pisua %18koa bakarrik denez, azken garaipenerako ekarri mugatua egiten du. Ikasleen eta zerbitzu-langileen sektoreetan (zeintzuk %20 eta %11ko balioa duten hurrenez hurren, bozketaren azken emaitza ponderatuan/haztatuan) ez dirudi gauzak argi daudenik, ez eta botoen gehiengoa norengana joan daitekeen. Bi sektore hauek funtsezkoak dira Goirizelaiarentzat, funtzionarioetan izan lezakeen galera berdindu ahal izateko.
Une batez, aurrera joan gabe, garbi dago bozketa-sistema haztatu hau ez dela batere demokratikoa eta ez duela unibertsitatearen autonomia errespetatzen. Madrileko gobernuak erabaki zuen irakasle funtzionarioek, beti gutxiago izan arren, azken emaitzan %51eko pisua izango zutela. Espainiar estatuak oso estrategikotzat jotzen du unibertsitatearen kontrola eta, horretarako, funtzionaritza sistema ona da.
Oraingora itzuliz, bada, zerbitzu-langileen artean bozketa nahiko orekatua izan daiteke eta, agian, Goirizelaia zertxobait goitik egon daiteke, sinesgarritasun handiagoa duela dirudielako.
Are funtsezkoagoa da ikasleen sektorea, emaitzaren %20 hemengoa izango baita, horietako askok edo gutxik botoa eman berdin delarik. Lurgorrik (EAJren ingurukoak) Goirizelaiaren alde bozkatzea eskatu du baina bere indarra oso txikia da eta, gainera, beste ikasle-talde gehienek esan dute ez direla errektore hautaketan sartuko. Egia ote da hori? Zalantzak dauzkat. Beharbada, ikasle euskaltzaleen artean abstentzioa nagusituko da, neurri handi batean Ikasle Abertzaleak taldearen eraginez, eta, ondorioz, Marisol Estebanek irabaz lezake, ikasle espainolzaleek (bai, honela adjektiba daiteke, iraindu gabe) ez baitute horren erraz abstentziora joko.
Ikasle Abertzaleak taldea, ikasleen arteko handiena, gogorren agertu da bi hautagaien eta beren programen aurka. Marisol Esteban «faxista» eta Iñaki Goirizelaia «espainola» (PNVren itzalean) kalifikatuz, absentzioa eskatu du, beren programek deus berri edo desberdinik ez omen dutelako. Adierazpen-askatasunaren barrenean sartzen da deskalifikazio politikoak egitea, larriak direnean ere. Nire ustez, garbi dago Esteban ez dela faxista ez eta Goirizelaia «espainola», euskal abertzaletasunaren aurkako zentzuan, behintzat.
Beraz, euskararen garapen egokiagoa eta justuagoa nahi dugun irakasle eta ikasleok hobe genuke Iñaki Goirizelaiari botoa ematea. Dei hau bereziki zuzendu beharko genieke ikasle euskaltzaleei, beraiek izan baitaitezke giltza. Edozein modutara, Marisol Estebanek irabazten badu, UPV-EHUk hor jarraituko du eta gure ahalegina eta borroka erabakigarriak izango dira euskarak garapen justu eta jasoa izan dezan i(ra)kaskuntzan, ikerkuntzan eta bestelako zerbitzuetan. Edozein errektoreri ez baitiogu utziko euskara baztertzen eta gutxitzen; oraindik ezin baikara euskaraz bizi unibertsitatean.
Iñaki Zabaleta Urkiola EHUko irakasle katedradunak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua