Guaitoak Algortako lagunen elkarteak antolartuta, "La Compañia Maritima del Nervion" izenburuko hitzaldia izango da bihar Algortako San Nikolas plazako liburutegian, 19:30etik aurrera. Hitzaldia izenburu bereko Ibaizabalgo ontzi-enpresari buruzko liburuaren aurkezpena egiteko baliatuko dute. Bertan, Manuel Torres eta Jesus Maria Valdaliso liburuaren egileek eta Jacinto Araluce Guaitoak elkarteko kideak hartuko dute parte. Solasaldian konpainiaren historiaz arituko dira hizlariak. 1899. urtean Francisco Aldecoa y Uriarte eta Tomas Urquijo y Aguirre algortarrek sortua, Euskal Herriko nabigazio sektorearen garapenaren erakusle izan zen enpresa. Bere jarduera 1986ra arte luzatu eta ontzi-industria suntsitu zuen krisiarekin batera desagertu zen. Konpainiak ohorezko lekua lortu zuen merkataritzako nabigazioaren historian: bere gailurrean zegoela Espainiako hamar konpainia nagusien artean kokatu zen. Orain dela gutxi argitaratu den liburuan, enpresaren ekonomi jarduera aztertzen da, sortua izan zenetik porrot egin zuen arte.