EHUko errektoregaiek euren asmo eta proiektuak aurkeztu dituzte, ohi denez, komunitate unibertsitarioak ezagutu eta eztabaida ditzan. Aldi berean, egitarau horietan, lehenagotik konpondu gabe dauden arazoak bildu dituzte, hautagaiek egoki irizten diotelako horiei irtenbide zehatzak ematea. Onartzen dugu gutariko gehienok ez dugula oraindik hautagaien konponbide-proposamenen edukiak irakurri. Nolanahi ere, seguru gaude horien artean ez dagoela ia 17 urtez Leioako campuseko atarian pankartari eutsiz dauden irakasle kaleratuen arazoa. Euskal herritar -eta kanpotar- askorentzat etenik gabeko presentzia hori mingarria da, tamainako injustizia bat islatzen duelako. Dagoeneko arazo hau sobera gaindituta egon beharko litzateke, irakasle talde txiki horrentzat ez ezik, unibertsitatearen beraren onerako ere. Argazkian, irakasle kaleratuetako bi (Jose Luis Herrero da lehenengoa eskuman eta Antton Azkargorta algortarra bigarrena ezkerretik), unibertsitarioek ezagunena duten pankarta sostengatzen bi laguntzaileekin batera.
Pentsatu beharrean gaude EHUko agintariak ez direla oraindik konturatu irakasle kaleratuek unibertsitatearen autonomiari egin dioten ekarriaz. Irakasleria Propioa lortzeko eraman duten borroka sakrifikatuak eman ditu emaitzak, EHUk laster izango baitu lan kontratu iraunkorrez kontrataturiko irakasle kolektibo zabala. Eta erkidego autonomo zein unibertsitateko konpetentziarako garrantzitsua den lorpen honetan uste dugu pertsona horiek egindakoa pisuzkoa dela. EHUk, beraz, euren lan eskerga ezagutu beharko lieke, kaleratzearekin zigortzen segitu beharrean.
Esandako guztiagatik, Marisol Esteban, Iñaki Goirizelaia eta Euskal Herrirako Unibertsitatea, gure helmuga plataformari arazo hau euren gai-zerrendan sartzea eskatzen diegu, eta hauteskundeetako emaitza edozein dela ere, arazoaren konponketan lagun dezatela, metodo unibertsitarioa erabiliz: elkarrizketa eta parteen arteko akordioa, alegia. Eskertuko genizueke, eskertuko dizuete.
Jose Mari Lorenzo Espinosa, Jose Miguel Campillo eta Antxon Mendizabalek EHUtik kanporatutako irakasleen aldeko kolektiboaren izenean gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.