Bihar zabaldu eta astelehenean itxiko ditu ateak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 43. edizioak. Bost egun izan beharrean lau izango dira aurten, diskoetxe eta argitaletxeekin batera hala erabakita, bi lanegun daudelako abenduaren 5etik 8ra. Lanegunetan azokara jende gutxiago joaten denez, aurtengo ekitaldia laburragoa izatea erabaki dute Gerediaga Elkartekoek. Aurtengo nobedadea "aurkezpen aretoa" izango da. Nagusiki, liburu eta diskoen aurkezpenetarako espazioa berreskuratu da, eta formatu txikiko aretoan, bisitariak egileekin zuzeneko harremana izango du. Egitarau propioa daukan aretoa da. Bestalde, antolatzaileek nabarmendu dute www.durangokoazoka.com webgunea "etengabe berritzen" izango dela, egunerokotasuna, argazki galeria eta blog atalak jasoz. Landako Gunean hainbat telebista pantaila ipiniko dira, besteak beste, azokaren egitarauaren berri etengabe emateko. Halaber, ikasleei zuzendutako egitaraua "indartu" egingo da aurtengo edizioan, eta bihar bertan Ikasle-Irakasleen Eguna ospatuko da. Bisitan doazen gazteei zuzenduta ekintzat indartu egin dira, eta makillaje erakustaldia, graffiti tailerra, break dance eta hip-hop tailerra, eta "Blusens" altxorraren bila lehiaketa antolatu dira.
Jakina denez, aurtengoko Durangoko Azokako gai nagusia irudia da eta irudigileei edota ilustratzaileei zuzenduta dago, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren laguntzarekin antolatuta. Saioak, dena dela, irekiak izango dira, eta Arnal Ballester 2008ko Espainiako Ilustrazio Sari Nazional izango da gonbidatu nagusia. Bestalde, Finlandiako literatura eta suomiera izango da atzerriko herrialde eta hizkuntza gonbidatua. Euskal Idazleen Elkartearekin batera, aurten, Suomitar Euskalherria-Finlandia Kultur Elkartearen laguntza izan da egitaraua antolatzeko. Bukatzeko, azokako kartela Aritz Zabala gasteiztarrak egin du, eta kartelaren inguruan sorturiko polemikaren harian, Gerediaga Elkarteak "elkartasun osoa" adierazi dio kartelaren egilea den Aritz Zabalari eta "une latza" pasatzen ari dela esan du.
Argizaiola saria
Gerediaga Elkarteak Juan Zelaia enpresa-gizon oñatiarrari emango dio Argizaiola omen-saria abenduaren 5etik 8ra bitartean ospatuko den 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan. "Enpresa mundutik euskara eta euskal kultura laguntzeko egiten den lanari eskerrona" adierazteko jasoko du saria Zelaiak. San Agustin Kultur Gunean izango da "Gauean Argi" ekitaldia, hilaren 6an, 20:30ean.
Juan Zelaia Letamendi 1920an jaio zen Oñatin. Enpresa gizona da, baina kulturak eta bizi duen gizarteak kezkatzen duela erakutsi du beti. Ingeniari doktorea da. Familiarteko enpresa-ardurak hartu ditu, Cegasa, Tuboplast eta Hidronor, besteak beste. Interes berezia erakutsi du beti kulturaren munduaz. Ekimen askoren sustatzaile eta laguntzaile izan da. Batzuk aipatuta, ikastolak bultzatu ditu, 1974an Everestera egin zen Tximist espedizioan lagundu zuen, Euskal Fundazioaren sortzaileetako bat izan da, eta bere izena daraman saiakera saria babesten du. Sariak ere hainbat eskuratu ditu. 2000. urtean Eusko Jaurlaritzak Lan Onari goraipamena eman zion, 2002an Abbadia Saria jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik eta aurten Jimeno Jurio saria jaso du.
Euskal Denda
Euskal Herriko artisautza azokarik garrantzitsuenetako bat den Durangoko Euskal Dendak ere bihar irekiko ditu bere ateak. Ekarpen garrantzitsua da euskal artisautza tradizionalaren eta gaur egunekoaren hedapen eta sustapenerako. "Esperientzia horren bidez, gure artisautza tradizionalaren benetako irudia –sarritan baztertua izan dena– helarazi nahi diegu bisitariei, eta gure arbasoek egunero erabili ohi zituzten objektuak gaur egun oraindik erabilgarriak direla azaltzen eta erakusten dugu. Objektu horietako edozein, gaur egun, eskuragarri eta erabilgarria dela jakinarazteko eta erakusteko baliatu behar da esperientzia hori; objektu horiek egunero erabiltzeko edo oparitarako erabil daitezke, eta erabileran eta denboran zaharkiturik gera ez daitezen, metodologia berriak erabiliz birdiseinaturik daude. Horrexek behar du izan 13. Euskal Dendaren zeregin nagusia", azaldu dute antolatzaileek. Gauzak horrela, abenduaren 8ra bitartean egongo da zabalik, 11:00etatik 14:45era eta 16:30etik 20:00etara.
IX. Azoka Ez Komertziala
Azken urteotan bezala, Sapuetxe gaztetxeak abenduaren 5etik 8ra bitartean Azoka Ez Komertzialaren edizio berri bat hartuko du. Azoka hau 1999an abiatu zuten, “kulturaren merkantilizazioa” salatzeko eta kolektibo eta banatzaile ez komertzialeei “negozio kulturalari alternatiba” eskaintzeko, beraien materialen aurkezpen eta salmentarako toki bat eskainiz zein pertsonen arteko harreman sareak kontsumotik at kokatuz. Sapuetxen ez da “gehiegizko prezioak” dituzten edo helburu material hutsa duten materialak aurkituko eta bai, aldiz, dirua irabaztea helburutzat ez duten argitaletxe eta diskoetxeen materiala, tartean kapitalismoaren aurkako borrokan ekarpena egitea helburu dutenak. Azoka honen antolatzaileen arabera, “materialen prezioak eskuragarria izan behar du, kultura herrikoiaren zabalpenean mugarik ezarri gabe”, horregatik, “azoka honetan alternatibo gisa definitu daitezkeen arren, beren banaketa bidea komertziala duten materialek nahiz etekin ekonomikoak lortzea helburu dutenek ez dutela lekurik izango”. Azoka Ez Komertziala egunero 12:30ean zabalduko da eta saltoki bakoitzak jakingo du noiz itxi behar duen. Era berean, azokarekin batera hainbat jarduera izango dira, tartean egunero arratsaldeko 2:30ean egingo den bazkaria.
Sapuetxeko azoka alternatiboaren egitaraua:
Abenduak 5, ostirala
18:00 Andeka Larrea eta Garikoitz Gamarraren "Bilbao y su doble" liburuaren aurkezpena.
22:00 Kontzertuak: Jake Mate, Tributo a RIP eta Trastorno.
Abenduak 6, larunbata
18:30 Irola irrati librearen historia eta tertulia: "Nola sortu irrati libre bat?
22:00 Kontzertuek: VPO, Disorders eta Sermonds.
Abenduak 7, igandea
18:30 Juantxu Estebaranen "Los pulsos de la intransigencia: Lemoiz, Leitzaran eta Itoitz" liburuaren aurkezpena.
22:00 Kontzertuek: Koska, Kruders eta talde sorpresa.
- Egunero jantokia egongo da 14:30etik 16:30era, Egun bakoitzeko 50 pertsonentzako menua egongo da.
- Azokaren karpako ordutegia 12:30 etik 20:00etara izango da.
- Egunero enkartelada azoka aurrean 12:00etan: "Preso gaixo larriak eta kondena betea dutenak etxera!".
Agenda telebistan
Durangokoa abenduaren hasieran galtzeko modukoa dela sinetsita edo, gune ezberdinetako eta egun guztietako agenda batzen dituen bideoa argitaratu du Ibaizabal TeleBistak. Hemen ikus daiteke: www.ibaizabaltb.com/node/276