Noek uholde nagusia ekiditeko egin bezala, Goirizelaiak ere arka bat eraiki du ikasleon uholdea ekiditeko. Hiztegiko sinonimoak erabiliz, ontzi bat edo kutxa bat eraiki duela ere esan genezake. Noek animaliak babestu nahi zituen, eta Goirizelaiak, berriz, bere negozioaren partaide direnak. Izan ere, zerbitzuen pribatizazio garaian bete-betean sartuta gauden honetan, unibertsitatearen gestioa negozio batenarekin alderatzea ez da halako disparatea, tamalez. Goirizelaiaren arkarentzat, beraz, bi adierak dira egokiak: kutxa bat negozioa gordetzeko eta ontzi bat bera eta bere ingurukoak ikasleon uholdetik babesteko. Horregatik joan da, akaso, Portugaleteko Nautika Fakultatera, Bilboko itsasadarrean nabigazioaren inguruko oinarrizko eskola batzuk jasotzera. Edo, akaso, pentsatu du ikasleon uholdea ez dela Portugaleteraino iristen, eta distantziak indar polizialen presentziak baino babes handiagoa emango diolakoan egin dute klaustroa bertan. Argazkian, ikasleek herenegun Portugaleten protestarik ezin izan zuten burutu eta Leioako errektoregora itxialdi baten bidez eraman ondoren, Ertzaintza oldartu zitzaien, hainbat zauritu eragiten / Gaztesarea.net.
Ikasleok, bederen, dakiguna da klaustroa Leioako Areto Nagusian egin dela azken urteetan eta, beraz, ikasleon hitza bertan behar izan den guztietan entzunarazi dela. Errektore hauteskundeetako azken ekitaldia den klaustroko hautagaien aurkezpena Leioan egin ez izana errektoregaien eta EHUren beraren porrotaren seinale dela badakigu ikasleok. Ez dute gure hitza errespetatzen eta, gainera, aurpegia eman ordez, ikasleon hitza entzutea saihestu nahi dute Bilboko itsasadarrera eramanez beren klaustroa. Ez dute beste campus jendetsurik aukeratu, ez; guztiz bakartuta dagoen fakultate batera joan dira. Ikasleok bagenekien irabazten ari ginela, bagenekien errektoretza estutzen asmatzen ari ginela, baina, egia esan, ez genuen inondik inora espero porrot hori halako erridikulua eginez lau haizeetara aditzera emango zutenik. Halako maniobra dorpe eta koldarrik ez genuen espero, ez; despotak ilustratuagoak zirelakoan geunden...
Iñaki, zergatik hainbeste buelta eta zirku? Ez al zaizu sinpleagoa eta duinagoa iruditzen behingoagatik Bologna Prozesua gelditu eta unibertsitatean eztabaida parte-hartzaile eta erabakitzaile bat abiatzea? Bada garaia, ezta? Koldarkeriak alboratu eta ekimen politiko ausart batera deitzen zaitugu ikasle eta abertzaleok, zintzoki. Bitartean aurrean edukiko gaituzu, atzo bezala gaur, eta gure hitza errespetatua den artean zure arka abordatzen jarraituko dugu!
Unai Txurruka Ikasle Abertzaleen eledunak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.