"
UK" Uribe Kostako aldizkari euskaldunaren 10. urteurrena iluntzeko 20:30ean Algortako Kasinoan ospatzeko "dagoeneko dena dago prest", Zuberoa Iturburu bertako kazetariak goizean jakinarazi duenez. Boluntzarreta elkarteak "UK"-ren 148 zenbaki atera ditu dagoneko eta urtarrilean 150 zenbaki borobilera helduko bada ere, gaurkoan ospakizun handia egingo du "UK" hamabostaldiaren 10. urteurrenean, aurretik hiru urtez "Bizarra Lepoan" izenburupean Getxo udalerrirako argitaratu zela ahaztu gabe. Getxoko Euskal Kulturaren Jardunaldien barruko gaurko ekitaldian "'UK' 10 urte proiekzioa" izeneko bideoa erakutsiko dute, 20 minututan aldizkariaren ibilbidea laburbilduko duena. Baina, ospakizunera joango diren guztiek iragana baino gehiago etorkizuna izango dute esku artean, "UK"-koek dagoeneko zabaldu dutelako 2009an aldizkarian hainbat aldaketa egingo dituztela eta Kasinoan iradokizun, ideiak eta aholkuak jasotzeko prest daudelako. Agertzerik izango ez dutenentzat aukera hori ez dute mugatu eta uk@aldizkaria.biz posta elektronikora igortzerik izango dute horiek ere. Horretaz gain, zintzurrak bustitzeko aukera ere izango da, parte hartuko den jende guztiarekin solasean. 13 urte hauetan, milaka izan dira Uribe Kosta eta Erandioko elkarte, erakunde eta pertsona aldizkarian agertu direnak. Argazkian, Mikel martinez de Trespuentes izan da hainbat urteetan "UK"ren argazkien egilea. Egun, Asier Mentxakak du ardura hori.