Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean goizean goizetik arazoak izan direla aipatu du Gaztesareak, "ikasleei ez baitiete EHNArekin bozkatzen utzi, nahiz eta gainerako fakultateetan ez den inongo arazorik egon eta azken bi urteetan ere euskaldunon nortasun agiriarekin bozkatzeko inongo arazorik ez den izan". Hala ere, dekanoarekin luze hitz egin ondoren konpondu da gora behera. Ikastegi berean hainbat ikasle "Ikasle hauteskundeetan parte hartu. Errektoretza hauteskundeetan abstentzioa" zioen pankarta atzean bildu dira, "baina segurtasun indarrek batzen ez bazuten Ertzaintza identifikazioak egitera bidaliko zutela mehatxatu dute", Gazte Informazio Agentziaren arabera. Ondoren, "abstentzioa" jartzen zuten kamiseta gorriekin campus osoan zehar ibili dira ikasleak eta uneoro segurtasun zaindariak atzetik izan dituzte.
Mila hautestontzi baino gehiago
Goizeko 9etatik arratsaldeko 6ak arte egon dira irekita hauteslekuak Euskal Herriko Unibertsitateko campus eta ikastegietan. Guztira, 52.236 lagun zeuden bozkatzera deituak, era honetara banatuta: 4.975 irakasle (1.986 irakasle doktore iraunkorrak eta 2.989 gainerako irakasleak), 45.553 ikasle eta 1.708 administrazio eta zerbitzuetako langile. Guztira 99 hauteskunde-mahai eratuko dira eta 1.000 hautestontzi baino gehiago egongo dira. 242.000 hauteskunde txartel eta 65.000 gutunazal inprimatu dira. Horiek guztiak birziklatzeko jasoko dira. Esan bezala, botoa haztatua da: unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreei %51 dagokie; gainerako irakasle eta ikertzaileei %18; ikasleei %20; eta administrazio eta zerbitzuetako langileei %11.
Irakasleek eta ikasleek kasuan kasuko ikastegian eman behar izan dute botoa, eta administrazio eta zerbitzuetako langileek campusetako errektoreordetzetan eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean. Errektore berria aukeratzeaz gain, ikasleek Klaustroko eta ikastegietako batzarretarako ordezkariak hautatu behar zituzten. Bost ikastegitan irakasleen ordezkariak Klaustrorako aukeratu dira eta fakultate eta eskola askotan Ikastegiko Batzarrak hautatu dira. Besteak beste, Goirizelaiak 10:00ak pasata eman du botoa, San Mameseko Ingeniaritza Eskolak. Eta Estebanek beste horrenbeste egin du, 11:30ak aldera, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean. Inguruan, protestan zebiltzan 9 ikasle eduki ditu azken horrek. Baina ez da arazo handiagorik egon.