"Bizarra Lepoan" izateari utzi eta, Getxo udalerritik Uribe Kosta eta Erandio osora jauzi egin zuenetik, 10 urte bete ditu jada "UK" aldizkariak. Denbora guzti horretan, "eskualdeko bizitzaren lekuko" izan da, hasieran hilabetekari eta egun hamabostekaria dena, argitalpenaren arduradunen arabera. 10 urte hauetan, milaka izan dira aldizkarian agertu diren Uribe Kosta eta Erandioko elkarte, erakunde eta pertsonak. Horren lagina, Getxoko Euskal Kulturaren Jardunaldien barruan, atzoko ekitaldian eskaini zuten "'UK' 10 urte proiekzioa" izeneko 20 minutuko bideoa. Ikus-entzunekoan, besteak beste, eskualdean gertatutakoen lekuko diren hamaika argazki ikusteko parada izan zuten Algortako Kasinoan bildutakoek: Algortako Bertsolari Eskolaren 20 urtean, 2000 urtean; Algortako Burdinola gaztetxea eta Uribe Kostako korridoreko lanak, 2002an; Prestige itsasontziaren marea beltza, 2003an; TAOren inguruko auzia Sopelan, 2005ean; eta beste horrenbeste. "UK"-n agertutako pertsona ezagunen irudiak ere ez ziren falta izan proiekzioan, eskualdekoak (Bittor Egurrola, Inazio Etxebarria "Guzurti", Pascual Molonga kale abeslaria...) ala kanpokoak (Ruper Ordorika, Martxelo Otamendi, Unai Iturriaga...) izan.
Horretaz gain, bata bestearen ondoan jarri ohi dituzten tokien antzinako eta gaur egungo argazkiak ere gogoratu zituzten, eskualdeko historiaren lekuko; baita gure berbakerari egindako keinuak ere. Argazkigintzak aldizkarian daukan garrantziaren lekuko ere izan dira plazaratutako dozenaka argazkilariren irudiak: Alfredo Aldai, Fatima Diaz, Elena Berrueta, Mikel Martin, Mikel Martinez, Oskar Martinez, Naiara Goikoetxea eta beste hainbaten irudiak bete dituzte "UK"ren orrialdeak. Zenbaki batzuk ematekotan, urte horietan 55 laguntzaile izan ditu aldizkariak eta orain 12.000 ale banatzen ditu. Boluntzarreta elkarteak "UK"-ren 148 zenbaki atera ditu dagoneko eta urtarrilean 150 zenbaki borobilera helduko da.
Garai berriak
"Eta orain zer?", galdetuko diete askok, "UK"-ko arduradunei. Izan ere, orain arteko zenbakiak ez dira makalak. Bada, 2009an aldizkarian hainbat aldaketa egiteko asmoa daukate, atzoko ekitaldian, "UK"-ko zuzendari izateari utziko dion Jokin Aspuruk azaldu zuenez. Horretarako, iradokizun, ideiak eta aholkuak jaso zituzten atzo Kasinoan. Hala ere, agertzerik izan ez zutenentzat aukera hori ez dute mugatu eta uk[abildua]aldizkaria.biz posta elektronikora igortzerik izango dute horiek ere.