Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzarako atzoko hauteskundeak irabazi ostean, "zoriontsu" agertu da gaur Iñaki Goirizelaia Ingeniaritza Telematikoan katedraduna,
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Besteak beste, izandako parte hartzearekin "pozik" dago errektore berria. Unibertsitateko
datuen arabera, 5.416 boto eta bozka haztatuaren %52,25 jaso du Goirizelaiak eta 4.350 boto eta %47,75 Marisol Esteban Ekonomia Aplikatuan katedradunak. Guztira, 52.236 lagun zeuden bozkatzera deituak. Ildo horretan, gehienbat ikasleen artean izan da nagusia abstentzioaren hautua, errektore berria aukeratzeko orduan: 45.553 neska-mutiletatik 5.216k baino ez zuten bozkatu atzokoan, ikaslegoaren %11,5 baino gutxiago. Gogoratu, ikasleek Klaustroko eta ikastegietako batzarretarako ordezkariak ere hautatu behar zituztela. Bost ikastegitan, berriz, Klaustrorako irakasleen ordezkariak aukeratu behar ziren, eta fakultate eta eskola askotan Ikastegiko Batzarra. Hala ere, horren gaineko daturik ez du oraindik eman EHUk. Bitartean, Goirizelaiak "denen errektore" izateko lan egingo du adierazi du. Horretarako, "parte-hartzea bultzatu" nahi du eta, horrenbestez, bere egitekoa "jendeari entzutea eta, ondoren, erantzutea" izango da, bere hitzetan. Abenduaren 12ra arte epea dago emaitzak inpugnatzeko eta hilaren 15ean emango dira behin betiko emaitzak. Urtarrilaren amaiera aldera, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak izendatuko du errektore berria Ajuria Enean. Argazkian, Goirizelaia eta Perez Iglesias, beste klaustrokide batzuekin, aurreko batzar batean.