Aurtengo Udagoieneko Ostera kultur zirkuitu arrakastatsuaren hurrengo eta azken geltokia Leioa izanik, Uribe Kosta eta Erandioko euskaldun zein euskaldun berriak "Hor al zaude?" antzezlana ikustera gonbidatu ditu
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Izan ere, gaur bertan, abenduak 5, Asier Hormaza aktore algortarra eta Ainhoa Aierbe izango dira Kultur Leioa auditorioan, Joseba Apaolazaren gidaritzapean. Umorea eta fantasia lagun, bikote baten elkarbizitzan agertzen diren mamuak, ezbaiak eta beldurrak taularatuko ditu "Hor al zaude?" lanak. "Bi aktoreak eszenatokiaren jaun eta jabe bihurtzen dira, mamuen munduan murgiltzen gaituzte, hirugarren bat dagoela sinestaraziz", antolatzaileek azaldu dutenez. Saioa 20:00etan hasiko da eta sarrerak 6 eurotan egongo dira (bertan zein BBKren orotariko kutxazainetan). Argazkian, Aierbe eta Hormaza taula gainean.