Guztira 24 gaztek parte hartuko dute gaur Izarren Distira galan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 5a, 18:26

Sei taldetan banatuta, 24 gaztek parte hartuko dute gaur iluntzean, 19:30etik aurrera, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango den "Izarren Distira. Egin dakizuna!" galan, Getxoko Udaleko Euskara zerbitzuak antolatutako Euskal Kulturaren X. Jardunaldien barruan. Neska-mutilak 13 eta 18 urte artekoak dira eta, talentu ikuskizun horretan, bi taldek bertso-antzerki ikuskizuna eskainiko dute; beste bi taldek abestu egingo dute; beste kantari bat ere izango da eta azken bi taldeek abestu eta musika joko dute. Nerea Alias aurkezle ezagunak gidatuko du gala eta besteak beste, Lain bikotea izango da. Epaimahaikideen artean Xabier Paya bertsolari algortarra izango da. Lehenengo sarituek ikas-bidaiarako 1.000 euroko diru-laguntza edo 6 pertsonentzako abentura asteburu baten artean aukeratu ahal izango dute. Bigarrenek San Mamesen futbol partida bat ikusteko 6 sarrera jasoko dituzte. Ekitaldi berean, “Baduzu ametsik?” lelopeko SMS eta bideo lehiaketaren sariak ere banatuko dira. Argazkian, igandean izango diren Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoak.

Bestalde eta bigarren asteburuko ekitaldiei dagokienez, igandean, abenduaren 7an, 17:30ean hasita, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoa izango da Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan jarritako karpapean. Parte hartuko duten bertsolariak Xabier Paya, Etxahun Lekue, Unai Iturriaga, Igor ELortza, Eñaut Intxaurraga eta Gorka Ostolaza izango dira. Ikusmin handia espero da saio horretarako, alde batetik, azken finalaurrekoa izanik, orduan jakingo delako nortzuk pasako diren finalera. Eta bestetik, aurreko edizioko txapelduna Xabier Paya algortarra abesten entzuteko aukera izango delako. Sarrerak, karpan bertan, saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dituzte salgai 10 eurotan. 7 eurotan Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 5 eurotan gaztetxoentzat.

Azkenik,aurtengo jardunaldiei amaiera emateko, txikienei zuzendutako ekitaldia izango da, igandean, Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoen eskutik. “Bihurrikeriak” ikuskizuna bi saiotan ikusi ahal izango dute haurrek, 12:30ean eta 17:30ean Santa Eugenia plazako karpan. Emanaldia 9 esketx-jolas dibertigarri eta parte hartzaileekin osatuta dago, abesti alai, hunkigarri, barregarri eta eragilerekin. Sarreraren prezioa 3,5 izango eurokoa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun